“Oiartzuarren bizitzak hobetu eta komunitatea indartzeko”, Oiartzungo Udalak 21,2 milioi euro pasatxoko aurrekontua izango du 2024an, Gobernuaren hitzetan. Abenduko ohiko udalbatzarrean onartu zuten, EH Bilduko zinego-tzien aldeko botoekin. EAJ/PNVk, aldiz, kontra bozkatu zuen.

Udal taldeak azaldu zuenez, elkarlanean osatu dute aurten ere aurrekontu berria. Izan ere, 2023ko ekainean abiatu zuen gobernu taldeak prozesu parte-hartzailea, oiar-tzuarren lehentasunak eta herriko erronka estrategikoak uztartzeko.

Datorren urtean Udalak diru-sarrera gehiago izango dituela aurreikusi dute eta honek sailen aurrekontua igotzeko aukera emango du.

Igoera nabarmenena oiartzuarren ongizatearekin lotutako sailetan izango da: aurrekontu osoaren erdia baino gehiago (10,8 milioi euro) herritarren ongizatearekin eta bizi-kalitatearekin lotutako sail eta proiektuetara bideratuko dute (ongizatea, etxez etxeko zerbitzua, kultura, kirola, hezkuntza, euskara, feminismoa, gazteria eta hirugarren adina, besteak beste).

Izan ere, Gizarte Zerbitzuen berrantolaketa izango da 2024ko proiektu nagusia. Saila Fermiñene etxera, herriko plazaren zentrora pasatzeko lanak bukatu eta zerbi-tzu berriak martxan jartzeko baliabideak ere gorde dituzte (jubilatuen egoitzan aisialdiaren inguruko zerbitzua, gizarte hezkuntzako esku-hartze zerbitzua eta bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzat eskualdeko egoitza, besteak beste).

Zaintza sare publiko-komunitarioaren diagnostiko eta lanketarekin ere jarraituko dute eta feminismo sailaren aurrekontua indartu eta %11 igoko dute.

Gainera, aurrekontuaren herena (7,3 milioi euro) Oiartzungo ekonomia iraunkorra sustatu, ingurumena eta mendiak zaindu, mugikortasun jasangarria bultzatu, hiri antolamendua garatu, azpiegiturak mantendu eta ur eta hondakin zerbitzuak emateko izango da.

Konkretuki, energia berriztagarriko instalakuntza berriak egingo dituzte eta herritarrekin batera energia komunitateak sortzeko bidea egingo da.

Gainera, Xorrola eta Taxibusa mantendu eta hobetzeko pausoak emango dira. Bide honetan, autoa gutxiago erabiltzeko eta oinez edo bizikletan mugitzea sustatzeko bidegorria luzatu, bizikletak aparkatzeko gune egokiak egin eta Oarsoalderako alokairuzko bizikleta sistema jarri nahi dute martxan.