400 musikari inguru, talde ezberdinetan banatuta, izango dira bihar protagonista Bergarako Musika Eskolak (BME) udal pilotalekuan eskainiko duen Gabonetako kontzertuan (18.30ean). Emanaldi berezia izango da aurtengoa; izan ere, urtarrilaren 6an 30 urte beteko dira musika eskolak Miserableak euskarazko musikala estreinatu zuenetik. Ikuskizun horrek Bergarako herriaren izena Euskal Herriko eszenatoki garran-tzitsuenetara eraman zuen.

Biharko hitzordura 1994ko estrenaldian eta BMEren 25. urteurreneko emanaldian parte hartu zuten abeslariak gonbidatu dituzte. Gabon kantak eta bestelako obrak ere izango dira entzungai. Sarrerak salgai daude eskolako idazkaritzan eta bihar bertan lehiatilan, ordubete lehenago.

Bestalde, ikasturte honetan 40 urteurrena ospatuko du musika eskolak, eta motorrak berotzen joateko, telazko poltsak jarri dituzte salgai, baita hainbat musikalen DVDak ere.