Txiki gelditu zen Trintxerpeko liburutegia aurkezpenera bertaratutako ziren herritar guztiek eserlekua izateko. David Zapirain historialari trintxerpetarrak, liburua berak bakarrik sinatu duen arren, obra ikerketa lan koral baten emaitza dela esan zuen. Iago Irixoa historialariari, Bea Caballero Kultura teknikariari eta Clara Barbier artxibozainari eskerrak eman zizkien bere laguntzagatik. Liburua salgai dago barrutiko liburutegian hamar euroren truke.

Zergatik erabaki zenuten liburu hau idaztea?

Trintxerpeko liburu honekin barruti guztiei buruzko sorrerak osatu nahi izan ditugu. Trintxerpeko sorrera bakarrik gelditzen zitzaigun ezagutzeko eta horretarako urteurrenetaz probestu gara. Baina benetako bultzada izan zen auzoko pertsona batena, Andrés Romerorena. Pandemia hasi baino lehen kezka agertu zidan, esanez, bisitariak Pasaiara etortzen direnean jakin beharko lukeela nora heldu den eta bertakook nortzuk garen.

Zein urteurren hartu dituzue?

Lehenengoa Trintxerpe etxe multzoa eraikitzen hasi zirela ehun urte bete dira eta bigarren balizko urteurrena lanean hasi ginenean Trintxer aipatzen zen datarik zaharrena: 1522. Data biribila iruditu zi-tzaigun, 2022an ekin geniolako ikerketa lan honi. Horren arabera Trintxerpek 500 urte beteko zituen. Baina lehenengo hausnarketa ere da urteurrenak direla gezurrezkoak bezain errealak. Lanean hasi ginenean ohartu ginen bazegoela data bat oraindik zaharragoa, 1492koa. Urte horretako agiri batean aipatzen da Trintxer baserria lehen aldiz.

Eraikitutako etxe horiek bertako industriak behar zituen langileak bizitzeko altxa ziren?

Bai. Duela 100 urte eraikitako etxeen funtzioa langileen bizitokia izatea zen. Ordurako bazeuden beste etxe batzuk Azkuene baserri zaharraren inguruan eta txalet bat edo beste Arrandegi kalearen inguruan, eta noski baserriak.

Zein bilakera izan du barrutiak 400 urte luze horietan, 1492tik 1923ra?

Hori da liburuan kontatzen duguna. Trintxerpek ez du bilakaera berezirik izan, baizik eta Gipuzkoako zonalde honetan industrializazioaren bilakaera bera izan du. Beti bizi izan dugu Trintxerpe gauza arraro bat bezala, baina nik plantea-tzen dut ez ote dagoen arrarotasun horren atzean mespretxu bat komunitate langile berri batetiko. Bilakaera Azkuene inguruan hasi zen, eta gero Euskadi Etorbidea deitzen dugun ingurutik eta baita gaur egungo Arrandegi kalearen hasierara zabaldu zen. Bazegoen etxe berezi bat Arrandegi 13 zenbakiaren inguruan eta etxe horrek markatzen zuen baserritar bizitza eta industrializazioaren arteko apurketa. Garai horietan izugarrizko kalapita sortu zen nolabait puskatzen ari zelako bizimodu bat (baserritarrak) beste bizimodu baten mesederako.

Trintxerpeko historiako mende ezazagunenak kontatzen dituzue liburu honetan.

Bai, hori da politena nire ustez: irudikatzea gaur egungo errealitatea ez dela betikoa izan. Gaur egungo bizimodua eta gizarte harremanak existituko dira guk mantentzen ditugun bitartean eta ez dira betirako mantenduko. Adibidez, 70 eta 80 hamarkadetan jende uholde berri bat iristen da, mugimendu berri bat da, baina urte horiek beste liburu batzuetan jaso ditugunez, ez ditugu honetan sartu.

Datozen urteetan ere Trintxerpek aldaketa sakon bat biziko duela ematen du, industrializazioa alde batera utzi eta ekonomia urdina deritzonean murgilduz.

Historiak ez du izan behar herri baten gidaria. Sortu behar dena ezin du izan errepikapen bat eta mantentze bat. Egin diren gauza txar edo ez egoki guztiak dira aztertu behar direnak ez errepikatzeko eta orain sortzen ari den bai paisaia, bai hirigintza eta bai gizartearen aldetik, ikasi behar dute zer egin den ondo eta zer gaizki; non zeuden balore positiboak kontutan izan behar dute.

Trintxerperekin amaitu dituzue lau barrutien sorkuntzaren historia. Zergatik utzi duzue Trintxerpe azkenerako?

Beti sinistuarazi digute Trintxerpe zerbait berria eta zatarra dela, baina hau ez da egia; Trintxerpe ez da sortu konektatuta egon gabe badiaren eta eskualde osoaren aldaketa industrialarekin batera.

Ondare industriala orain arte ez da kontutan izan. Zer garrantzia du eraikuntza horiek babestea?

Beti esan digute toki itsusi, zatar eta balorerik gabeko batean bizi garela eta nik uste dut 70. hamarkadan jaio ginenak hori pairatu dugula modu batean. Baina ez da horrela, eta orain Udalari proposatu diogu bisita gidatu bat egitea barrutian dauden eraikin arkitektonikoen gozamenarekin; dagoena eta ez dagoenarekin. Gure ingurua hobeto baloratzen badugu, geure burua ere hobeto baloratuko dugu.

Uste baino ondare industrial oparoagoa dago barrutian. Izan ere, 2019an Madre Pilar Izquierdo haurtzaindegiari Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak sari bat eman zion.

Haurtzaindegi hori zoragarria da; ez da preziatzen ez baduzu gertutik ikusten. Eskola nautikoaren eraikina zer esanik ez... eta fijatzen bagara Euskadi Etorbidean badaude bi etxe multzo nabariak, Donostiako etxe dotoreak egin zituzten arkitektoek eraiki zituztenak. Ondo apaindutako etxeak dira.