Ordiziako Udalak, iaz martxan jarritako Ordizia Kirol Sariak egitasmoari jarraipena emango dio aurten: “Kirol aniztasun handia izateaz gain, puntako mailako kirolariak ditugu eta urte bikaina osatu dute. Horiei aitortza egin nahi diegu Ordizia Kirol Sariekin, esker ona adierazteko”, azaldu du Jon Ander Caballerok, Kirol zinegotziak.

Hiru sailkapen egongo dira: kirolariak, izan duten ibilbideagatik; azken urtean gailendu diren elkarteak; eta esker oneko saria, Ordizian kirolari egindako ekarpenagatik.

Herritarren aukera

Bestalde, Herritarren Saria ere izango da. Ordiziarrek erabakiko dute zeinek lortuko duen: Lide Urrestarazu, Asier Alvarez de Eulate, Irenia Apaolaza, Danel Perez, Ane Torres, Ane Gonzalez, edo Hodei Caballerok. “Gaur zabalduko da horretarako epea, eta asteartera arte egongo da horretarako aukera. Hala, pertsonako boto bat hartuko da kontuan, eta Instagram, Facebook, Twitter eta Whatsapp bidez, 688 75 26 47 zenbakian, egin ahalko da”, zehaztu du Kirol zinegotziak.

Sari banaketa ekitaldia urteko azken larunbatean egingo da; abenduaren 30ean, eguerdiko 12.00etan, Plaza Nagusian.