Urtero egiten duten bezala, kirola eginez agurtuko dute urtea tolosarrek. Abenduaren 31ean kirolak eta elkartasunak bat bihurtuko dira, beste behin, Samaniego eta Orixe Herri Ikastetxeetako kirol batzordeek udalaren laguntzarekin antolatutako XXV. Elkartasun Krosa ospatzeko.
Asteartean Tolosako Udalean eginiko aurkezpenean Kroseko antolatzaileek zein udal ordezkariek azaldu zutenez, “urteko kirol ekitaldi parte-hartzaileenetako bat da Elkartasun Krosa, ehunka korrikalari izaten baititu” eta “aurten ere 1.000 dortsal jarriko dira salgai, horietatik 100 kadeteen mailarako”. Honetaz gain, antolatzaileek aurkezpenean azaldu zuten gaurtik aurrera dortsalak salgai egongo direla Shanti Kirolak dendan, hamar euroko salneurrian helduentzat, eta bost euroan kadeteentzat. “Benjamin eta infantilen kasuan, ez da dortsalik beharko parte hartu ahal izateko. Saldu gabeko dortsalik balego, egunean bertan ere jarriko dira eskuragarri, hamabi euroren truke. Dortsalak Zerkausian bertan banatuko dira”, gehitu nahi izan zuten. Izen-emateen irabaziak urtero irabazi asmorik gabeko elkarte batera bideratzen dira. Aurten, Zutani Elkarteari emango zaizkio, haien lana “babestu eta indartzen” jarraitzeko helburuarekin.
Urtero bezala, kirol proba 15.30etan hasiko da, haurren saioarekin. Ordubete beranduago, 16.30etan, heldu eta kadeteen txanda izango da. Kadeteak Solana kaletik abiatuko dira, eta helduak, aldiz, Plaza Zaharretik. Bi kasuetan, helmuga Solana kalean kokatuko da. Gazteenek 700 metroko lasterketa egingo dute, alebin eta infantilek 1.400 metrokoa, eta kadeteek zein helduenek 5.050 metrokoa. Gainera, sari berezia ere ematen dute antolatzaileek urtero, kirolariren baten ibilbidea aitortzeko. Aurten, aitortza Iraitz Arrospideri egingo diote.