Alegiako Txintxarri Abesbatza Kultur Elkarteak aurrera jarraitzen du bere etapa berrian. “Herritarrak protagonista izateko” helburuarekin ekimenak antolatzen eta bultzatzen jarraitzen du abesbatzak eta, helburu honen baitan, Gabon Kantu eske herrikoia antolatu dute berriro aurtengo eguberrietarako. Eguberri bezperan, abenduaren 24an, kantu eskean aterako da herritar talde bat. Herriko musikarien txistu eta trikitixaz lagunduta egingo dute gainera eta Olentzero eta Mari Domingiri harrera egingo diete horrela. Bildutako dirua Mukwano Lagun Elkartearentzat izango da. Afrikako haurtzaroa zaintzeko irabazi asmorik gabeko elkartea da hau.