Zumarraga: Plastic Energyk atzera egin duen argitzeko eskatu diote Udalari
UZ Bizi plataformak multinazionalak lantegia irekitzeko jasotako laguntzari uko egin diola jakin du
Zumarraga – UZ Bizi plataformak “plastiko errauskailuaren proiektua” bertan behera geratu den argitzeko eskatu dio Zumarragako Udalari.
Izan ere, Aldundiko iturri ez ofizialek plataformari esandakoaren arabera, Plastic Energy multinazionalaren filiala den Euskadi Advanced Recycling SL enpresak Aldundiak emandako lau milioiko diru-lagun-tzari uko egin dio. Beraz, Zumarragan “erraustegia” eraikitzeari uko egin dio.
UZ Bizik dionez, 2021ean Plastic Energy ArcelorMittalenak izan ziren lurretan ezarriko zela iragarri zenetik etengabe atzeratzen joan da proiektua. “Jaurlaritzatik milioi bat eta Aldunditik beste lau hitzeman badizkiote ere, egin duen bakarra gutxieneko 3.000 euroko kapitalarekin filial bat sortzea eta lau milioiko partida lortzeko hamar orriko txosten bat aurkeztea izan da. Aldundiko teknikarien arabera, txostenak akats tekniko eta zehazgabetasun nabarmenak zituen. Hori gutxi balitz, proiektua saltzeko egindako agerraldi publiko bakar batean ere ez da izan Plastic Energyko ordezkaririk”.
PSE-EEko kideak izan dira proiektua zabaldu eta defendatu dutenak. “Hauengan ere, hauteskunde kanpainan erraustegiaren alde erakutsitako irmotasuna eta konfiantza lausotzen joan da hilabeteek aurrera egin ahala. Bereziki, udaleko gehiengo absolutua galdu zutenetik”. Hortaz, UZ Bizik uste du badaudela zantzuak pentsatzeko erraustegiaren egitasmoak ez duela aurrera egingo. “Herritarrak informatzeko dugun betebeharra oinarri hartuta, Zumarragako Udalari eskatu diogu gardentasunez jokatu eta lehenbailehen argitu dezala herritarren osasunarentzako mehatxu larria izan daitekeen proiektu hau zein fasetan dagoen eta, iturri desberdinek baieztatu bezala, bertan behera geratu den ala ez”.