Euskararen Egunaren ospakizunaren testuinguruan, EAJ/PNVk Andoaingo euskararen erabilera esparrua zabaltzearen beharra aldarrikatu du.

Txitxu Ruiz zinegotziak gogorazi duenez, EAJ/PNVren eskutik Andoain aitzindari izan da Euskaraz barra barra marka bateratuaren aterkipean euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzen “2022an ekimena martxan jarri genuenetik 61 merkatari eta ostalarik egin dute bat”, azpimarratu du.

Markaren aurrekarietan eta pilotajean, Andoain herri sustatzaileetako bat izan da, Donostia eta Laudiorekin batera, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoaren gidaritzarekin”, nabarmendu du zinegotzi jeltzaleak.

Izan ere, marka jendaurrean irailean aurkeztu bazen ere, Andoainen 2022ko udan jarri zen martxan.

Ruizen iritziz, “espazio estrategikoetan euskararen presentzia areagotzea lehentasunezkoa da; haren ezagutza sustatuz eta haren erabilera bultzatuz, herriko hizkuntza paisaia aberastea lortu behar dugu”. Jeltzaleen ustez, euskararen kontrako eraso ugari ematen ari den garaiotan, ezinbestekoa da hizkuntzaren erabilera normalizatua bermatzea.

Horregatik, espero dute, joan den asteburuan markaren zabalkundea egiteko asmoz, Bastero kulturgunean ospatutako ekitaldia tokiko merkatari eta ostalarientzat aitortza, andoaindarrentzat pizgarri eta euskararentzat biziberritzeko aukera bat izan dadila.