Animaliak eta baratzeko produktuak dira Santa Lutzi feriko protagonista nagusiak, baina ardoak ere zati handi bat betetzen du. Urteroko egiten den bezala, Santa Lutzi bezperan ardo dastaketa komentatua egingo dute Urretxuko udaletxeko portaloian.

Manuel Ruiz eta Mikel Garaizabal enologoek gidatuko dute 2023. urteko ardoen dastaketa komentatua. Aurtengo ardo azokan parte hartuko duten upategien ardoak dastatuko dituzte, 19.00etatik aurrera. Ekitaldiak arrakasta handia du urtero eta, hala, txartelak berehala agortu dira.

Parte hartzaileek upategi guztietako ardoak dastatu ahal izango dituzte, enologoaren azalpenak jarraituz. Gainera, bi pintxo jan ahal izango dira. Ardo dastaketa komentatuaren egun berean (18.00etatik 22.00etara) eta Santa Lutzi egunean (9.00etatik 16.00etara) ardo azoka egingo dute Iparragirre plazako karpan. Beti bezala, pintxoak jateko aukera egongo da.

Bai ardo dastaketa komentatuan eta bai ardo azokan Arabako Errioxako bederatzi upategitako ardoak dastatzeko aukera egongo da: Guzman Aldazabal (Nabaridas), Medrano Irazu (Bilar), Labastida (Bastida), Laukote (Guardia), El Mozo (Lantziego), Gil Berzal (Guardia), Berarte (Eskuernaga), Blanco Perez de Azpillaga (Lantziego) eta Muro (Lapuebla de Labarca).

Aurtengo Santa Lutzi feriko egitaraua datorren astelehenean aurkeztuko dute Urretxu eta Zumarragako udalek, Zelai Arizti kultur etxean. Urteroko moduan, ganadu feria, baserriko produktuen feria, abelburu, errezil sagar, fruta, berdura, ezti, kapoi eta oilasko lehiaketak; herri kirolak; pilota jaialdia; idi probak; musika emanaldiak eta ehunka postu egongo dira, besteak beste.