Italian dira Ibarrako eta Oñatiko zenbait gazte, Brescia probintzian kokatuta dagoen Manerba del Garda herriko beste hainbat ikaslerekin elkartrukean, Cultural Shake Erasmus+ proiektuaren bigarren fasearekin jarraituz. Ibarreko Udaletik jakinarazi dutenez, gazteak pasa den ostiralean iritsi ziren Italiara, eta astebeteko egonaldiaren ondoren, datorren ostiralean, abenduaren 7an, itzuliko dira. Italiako egonaldi hau proiektuaren bigarren fasearen hasiera dela ere azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, urrian, gazte italiarrak Gipuzkoan egon ziren Oñatiko eta Ibarrako 45 gazterekin. Bihar gaur hasten da lelopean, astebeteko elkartrukeak egin zituzten orduan. Orain gipuzkoarrak dira Italiara joan direnak. Bertan, besteak beste, “Brescia probintzian etorkinekin lan egiten duten hainbat elkartek burutzen duten lana ezagutuko dute, bakea eta armagabetze nuklearraren inguruko Senzatomica erakusketa bisitatuko dute, italiar kulturan murgilduko dira, eta era berean, euskal kultura ezagutzera emango dute”, azaldu dute antolatzaileek.

Ibarrako zein Oñatiko ikasleek proiektuari esker “jatorri ezberdineko gazteen elkartrukearen bidez, ikaskuntza kultural batean murgiltzeko aukera” dutela baieztatu eta, “hainbat pertsonaren kulturak, tradizioak, esperientziak eta bizi historiak ezagutzeko, beren erosotasun-eremutik atera eta beren aurreiritzi eta beldurrei aurre egiteko” balio duen proiektua dela baieztatu dute. Gauzak horrela, Cultural Shake Erasmus+ proiektuaren helburu nagusia “eguneroko gizarte-harremanak zehazten dituzten estereotipoak alde batera utzi eta parte-hartzaileek azterketa kritikoa egiteko gaitasuna garatzea” dela azaldu dute Udaleko zein antolakuntzako arduradunek. Era berean, gazteen kulturarteko interesa garatu nahi dute proiektuarekin, gaur egun munduan gertatzen denari buruzko begirada kritiko eta irekia sustatuz, eta tokian tokiko errealitateetan modu positiboan jarduteko ikuspegi berriak garatuz. “Horrela, efektu biderkatzailea sortuko duten eta eguneroko errealitatetik haratago zabalduko diren ekintzak bultzatuko dituzten dinamikak sortu nahi ditu egitasmoak”, izan dira antolatzaileek azaldutakoak.