Gainzuri ikastetxeko, Jose Mari Iparragirre institutuko, Urretxu-Zumarraga ikastolako eta La Salle-Legazpi ikastetxeko guraso talde batek Altxa Burua akimena jarri dute abian, Urretxu-Zumarraga taldea sortuz eta Urretxuko Udalaren laguntzarekin. Seme-alaben mugikorren erabileraz hausnartu ondoren, haurrek eta nerabeek mugikorra izateko adina atzeratzea proposatu nahi dute gurasoen artean eta erabilera osasungarria bat sustatu nahi dute.

Ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza komunitatean eragiteko berezko taldea du. Altxa Burua talde eragileen elkarlanerako taldea da.

Urretxuko Udaleko Gazteria Sailak koordinatuta eta babestuta abiatu dute bidea. Udaberri hasieran, hainbat gurasok udaletxera jo zuten kezka adierazteko eta laguntza eskatzeko. Maiatzean, Miren Ros adituaren hi-tzaldia antolatu zuten abiapuntu gisa. Oporren aurretik, ikastetxeetako talde eragileak eratu zituzten. Urrian ikastetxe guztietako taldeetako ordezkariak lehenengoz elkartu ziren, bakoitzak ordura arte egin zuena partekatzeko eta egin zezaketena aztertzeko. Kontzientziaziotik abiatzea erabaki zuten, eta, hala, Rosen bigarren hitzaldia eta Gregorio Montero psikiatrarena antolatu zituzten. Biek oso harrera ona izan zuten: 100 guraso baino gehiago izan ziren urrikoan eta 200 baino gehiago joan den astekoan.

Kontzientziazioarekin jarraituko badute ere, LHko bosgarren mailako ikasle eta gurasoengan eragitea dute helburu orain. Talde eragileetan zein Altxa Buruan nornahik har dezake parte. Urretxuko Udaleko Gazteria sailak, bere aldetik, koordinazioa eta babesa eskainiko die, parte hartze aktiboa, haurren eta nerabeen ongizate emozionala eta nortasun digital onuragarriak sustatu nahi dituelako.

Datozen egunetan, Gabonetan mugikorra oparitzeaz eta mugikorren erabilera osasuntsuaz hausnartzeko kanpaina abiatuko dute.

Bestalde, pornografiaren inguruan sortu den kezkari ere erantzuteko, Urretxuko Udaleko Gazteria Sailak gurasoei eta nerabeei zuzendutako tailerrak egingo ditu abenduaren 11n, Emaize sexologia zentroaren eskutik. Bi tailer izango dira. Bata, gurasoei zuzendua izango da: Porno belaunaldira hurbiltzen: erronka familien sexu hezkuntzan, 18.00etan, kultur etxean. Bestea, nerabeei (DBH) zuzendua izango da: Pornografia: fikzioaren eragina espektatibetan, 17.30ean, Gazte Bidean lokalean.

Gurasoei zuzendutako tailerrean izena emateko labur.eus/z1Aa3 helbidera jo behar da eta nerabeei zuzendutako tailerrean izena emateko labur.eus/8TJ0B helbidera.