Adunako Udalak jakinarazi duenez, tolosaldeko sagardo ezberdinen dastaketa antolatu dute iganderako. Herriaren erdigunetik abiatuko dira ibilaldia egitera eta sagarrondoen sekretuak arakatuko dituzte. Adunako Udalarekin elkarlanean, Tolosaldea Turismoa, Euskadi Basque Country Gastronomika eta Gipuzkoa Turismoak babestu dute ekitaldi berezia eta, jakinarazi dutenez, parte hartu nahi dutenek tokia erreserbatu beharko dute 943 697 413 telefonora deituta edota tour@tolosaldea.eus helbidera idatzita. Igandean 11.00etan abiatuko dute ekimena, eta bi ordu inguruko iraupena izango du. Adunako Zabala eta Aburuza sagardotegietako sagardogileek gidatuko dituzte bisitariak ibilbidean zehar eta sagastien zaintzaren inguruko lanak azalduko dituzte, besteak beste. Aipatutako sagardoez gain, Isastegi, Eguzkitza, Goikoetxea eta Sarasolako sagardoak ere gehituko dira esperientziara.