Pasa den ostiralean Lurpea Garbi Elkartearen aurkezpena egin zuten Tolosako Udaletxean. Elkarte berriari babesa emanez bertan izan ziren Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko Ingurumen zinegotzia, Uxue Lasa Lurpea Garbi elkarteko kidea, Juantxo Agirre-Mauleon Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusia, eta Eneko Agirre biologo eta elkarteko kidea.

Agirresarobe zinegotziak azaldu zuenez, Hondakinen Prebentziorako Astearen ospakizunaren baitan egin zen aurkezpena, Udalaren “Elkarteak egingo duen lanarekiko babesa” berretsi nahi izan zuen. “Udaletik ikusi dugu elkartearen proiektua eta asmoa oso beharrezkoa dela”, azaldu zuen. Uxue Lasak berriz, Tolosa inguruko mendien egoera zein den eta Elkarteak Udalarekin elkarlanean aritzeko duen helburua azaldu zituen. “Tolosa inguruan mendian eta kobazuloetan ibiltzen garenok ikusi izan ditugun hondakin pila bat pilatuta dauden zuloak daudela, baina behin bertan sartzen zarela ikusten duzu hondakin horrek duen eragina. Bai kobazuloetako ekosisteman, eta baita hondakin horietatik pasatzen den ur guztian; kontuan izan behar da Tolosaldea ingurune karstikoa dela, eta gero ur hori gure iturrietatik ateratzen dela. Horrez gain, kobazuloetan egon daitekeen ondare kulturalean eragina du”, baieztatu zuen.

Bukatzeko, Eneko Agirrek elkarteak dituen helburuak azaldu zituen. Tolosaldean garbiketa ekimen integral bat bideratu eta protokoloak ezarri nahi ditu Lurpea Garbik, eta gune horien zonifikazioa eta babesa ziurtatu.