Kalebarren zaharberritzea Zumarragako Udalaren aspaldiko ametsa da eta, gutxinaka, pausoak ematen ari da helburua lortzeko. Kalebarren hiru eremutan dago banatua: Kalebarren 20raino, Forjas (Kalebarren 20tik aparkalekuraino) eta Ipintza. Sutobal enpresak Piedad 1 eta Kalebarren 2 eta 4ko eraikinak bota zituen eta 27 etxebizitza egin ditu. Obra ibukatzear dago, oso gutxi falta zaio. Abenduan emango dizkiete giltzak erosleei. Ondoren, Forjaseko obra hasiko da.

Asteartean, Udalak Sutobalekin sinatuko duen hitzarmena onartu zuen. Hitzarmenean jasotakoaren arabera, Forjas eremuan 120 etxebizi-tza eta plaza handi bat eraikiko dira. 76 etxebizitza promozio librekoak izango dira eta 44 babes ofizialekoak. Obra otsailean hasiko da. PSE-EEk eta EAJk alde bozkatu zuten eta EH Bilduk abstentzioa eman zuen.

EH Bilduko Aritz Elgarrestak abstentzioa ematearen arrazoiak azaldu zituen. “Bere garaian Plan Bereziaren aurka bozkatu genuen, Forjas eta Ipintza elkarrekin garatzea nahi genuelako. Izan ere, horrela aprobetxamendua hobea izango litzateke. Bestalde, 120 etxebizitza gehiegi dira. Horretaz gain, 44 etxebizitza babestuak okerrenak izango dira: saihesbidera begira daude. Gainera, Ipintza garatu arte ezin izango da Kalebarrenen atzetik joango den bidea egin. Plan Berezian ez dago ezer berririk: ez etxe tutelaturik, ez kirol berrien-tzako tokirik… Kritikoak gara, baina Forjasek garapena behar du lehenbailehen eta ez dugu oztopatuko. Horregatik, abstentzioa emango dugu”.

Mikel Serrano alkateak aurka ez botatzea eskertu zien, baina alde bozkatzea gustatuko litzaiekeela gehitu zuen. “Alde batetik gustatuko li- tzaigukeena dago eta bestetik bideragarria dena. Etxe jabe asko daude eta kirurgia urbanistikoa egin behar izan dugu aprobetxamenduak lortzeko. Betikoa egingo dela diozue. Hala da: etxe berriak egin bigarren eskukoak merkatura atera daitezen, ekonomia biziberritu, herria modernizatu… Instalazioei dagokienez, Badiola enpresako biltegia gurea da eta bertarako proiektu bat prestatu behar dugu”.