Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak elkarlanean prestatu duten Egin zenutelako gara! ekimenarekin euskararen alde lanean 1940 eta 1990. urteen aritu ziren elgoibartar eta elkarte guztien lana gogorazi eta goraipatuko dira hurrengo abenduaren 1ean Herriko Antzokian. “Gure aurrekoek egin zutelako gara euskaldunak gaur. Bestela ez ginen izango”, adierazi dute antolatzaieek. Ekitaldia arratsaldeko 18.00etan hasiko da eta beharrezkoa da gonbidapena jasotzea elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus helbidera idatziz, 943 741 626 telefonora deituz edo Elgoibarko Izarrak Aita Agirre kulturguneko, 3. solairuan duen bulegoetatik pasatuz.

40 urteko euskalgintzaren berri emateko, Elgoibar herri euskaldunagoa izateko historiaren zati bat bildu dute bideo batean. “Bideoa Herriko Antzokian aukerkeztuko da eta aurkezpenarekin batera gure esker ona ere azalduko diegu garai hartako eragile eta euskaltzaleei, Herriko Antzokian biziko duguna errekonozimendu ekitaldia izango bait da ere”, adierazi zuten Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak. Bideoak ordubeteko iraupena du eta horren oinarrian daude Elgoibarko Udalaren enkarguz Badihardugu elkarteak egin dituen 45 elkarrizketak. Bertan, 40 urteko euskalgintzaren alde egindako historia jasotzen da protagonisten ahotik. Ondoren, Elgoibarko garai hartako euskalgintzako eragileak bistaratuko dira banan-banan (eliza, gau-eskola, Ongarri elkartea, Ikastola, …). Herriko Antzokiko oholtzara igoko dira, herritarren esker ona eta txaloak jasotzera. Ekitaldia janzteko, musika, bertsoak, dantza, txistua eta antzerkia ere izango dira, besteak beste, eta bi orduko iraupena izango du.