Urtero ospatu ohi da Eskola Txikien festa eguna, eta datorren urtean Aduna izango da festa antolatuko duen herria.Asteburu honetan aurkeztu dutenez, jada hasiak dira prestaketa lanak, eta Paule Cestau Sanchez ikasleak marraztu du logo berria. Antolatzaileek asteburuan azaldu zutenez, hurrengo festarako logoa sortzerako garaian “txapelketa antolatzea egokiena” zela ikusi zuten. Hori bai, gaineratu zutenez, Adunan ospatutako aurreko festa oinarritzat hartuta, “parte-hartzeileak herritarrak soilik izatea” erabaki zuten antolatzaile taldeko kideek. “Herritar batek herriarentzat sortutako logoa nahi genuen, Adunaren izaera islatuko zuena, Aduna benetan ondo ezagutuko zuen norbaitek egina, aurreko festan gertatu zen bezala”, azaldu zuten asteburuan egindako aurkezpenean. Parte-hartzaileak ez ezik, epaimahaikideak ere herritarrak izatea garrantzitsua ikusi zuten, “logoak Adunarekin duten lotura behar bezala baloratzen jakiteko”. Hortaz, azkenean, Maite Oiartzun, Juan Kruz Igerabide, Xole, Ainhoa Arruti udal-ordezkaria eta Itsaso Noval Adunako eskolako zuzendariak osatu dute aurtengo txapelketako epaimahaia, eta, asteburuan azaldu zutenez, aurkeztutako lanen artean, hiru logo izan ziren bozkatuenak. Hirugarren postua Axel Carrillo Aiertzak eskuratu zuen, bigarren postua Maider Olano Mitxelenak, eta lehen postua, berriz, Paule Cestau Sanchezek eraman zuen.

Epaimahaikideek lan irabazlearen inguruan azaldu zutenez, Adunako esentzia egokien transmititzen duen lana da Paule Cestaurena. “Adunako esentzietako bat jasotzen du: sagarra. Linea garbiak dauzka. Bihotza irudikatzen du sagarrarekin. Elkartasuna, maitasuna adierazten du horrela. Letren tamainarekin eta kolorearekin jokatu du, berde-tonu desberdinekin. Gogoratuko den logo bat izango dela dirudi, erraz gogoratzekoa. Ez da astuna”, izan ziren lan irabazleari buruz esandakoak. Hortaz, aurrerantzean nahi duen orok izango du Cestauk sortutako irudia soinean eramateko aukera. Izan ere, igande goizean Adunan egindako aurkezpenean salmenta postuak jarri zituzten herriko plazan. Horrez gain, pintxoak eta edariak ere salgai izan zituzten, Adunako Eskola Txikien Festarako dirua lortzeko. Eta, goizeko ekitaldia amaitzeko, 12.30etan hasita Loatzo musika eskolako bandaren emanaldiaz gozatzeko aukera ere izan zuten bertaratuek.