Aste honetan Hernaniko gobernu taldeak Gobernu Plana aurkeztu ditu herritarren aurrean. Bertan aurkitu daitezke lau urteetan gauzatuko dituzten 135 proiektu zehatzak. Aditzera eman zutenez, neurriek “eraldatzaileak eta eredugarriak” izateko helburua dute.

Gobernu Plana “udal gobernuak bere arduratik egiten duen plana da, herritarrei gutxienez hartzen dituen konpromisoen berri emateko”, azpimarratu zuen Xabier Lertxundi alkateak. “Lanerako iparrorratza da, Hernani hobetzen jarraitzeko helburuarekin eta herritarren ongizatea ardatz”, adierazi zuten.

Azaldu zutenez, dokumentuak arlo guztietako beharrei erantzungo dieten “neurri eraldatzaileak” biltzen ditu: haur, gazte, heldu eta adinekoak; eta hirigunean nahiz inguruko auzoetan izango dute eragina.

Planaren lerro garrantzitsuak izango dira kultur sormena sustatzea, gazteek pairatzen duten etxebizitza arazoari heltzea, berdintasun politika lehen lerroan jartzea edota ingurugiroan eta trantsizio ekologikoan sakontzea, besteak beste.

Gobernu Planak bere baitan dituen neurri zehatzetako batzuk hauek dira: Urumea ikastola zenaren gunea eraberritzea (lur azpiko parkinga eta kultur ekipamendu berria), Izpizua kalearen bulebarizazioa, Ezkiaga pasealekua eraberritzea eta Floridako hirigintza garapena (308 etxebizitza publiko egingo dira bertan). “Aurrekontu xumeagoa duten neurriak ere badaude, baina berdin-berdin herritarren bizi-kalitatean eragin handia dutenak eta garrantzitsuak direnak”, azpimarratu zuen alkateak.

Udal gobernu taldeak sei hilabetero Gobernu Planaren betekizun mailari buruz informatzeko konpromisoa ere hartu zuen, “herritarren eskubidea baita udal Gobernua zertan ari den zehatz-mehatz jakitea”. Hartara, gobernu taldearen lana kualitatiboki zein kuantitatiboki “baloratu” ahal izango dute.

Hernaniko etxe guztietara helduko da datozen egunetan Gobernu Planaren proposamen zehatza.