Herritar guztientzako elikadura osasuntsu eta agro-ekologirako eskubidea bermatzeko herri mailako erantzunetan sakondu nahi dugu”, adierazi zuten atzo Elikadura burujabetzan kataiari helduz jardunaldien aurkezpenean. Azken urteetako bideari jarraipena emanez, Bergarako Elikadura Mahaiak ikasleei zein herritarrei zuzendutako ekintzak prestatu ditu.

“Elikagaien prezioen garestitzea kezka iturri dugu. Hainbat ikerketen arabera, pandemia denboraren ondoren eta egungo testuinguruak markatuta, erosketa-erabakien parte diren alderdiak kontsumitzailearen buruan berrantolatu egin dira, eta prezioak paper oso nabarmena du kontsumo-erabakietan. Eszenatoki honen ondorietako bat da elikagai freskoak eskuratzeko desberdinkeria areagotu, eta ekoizpen zein komertzio txikiaren sektorera zuzenean doazen sarrerak geroz eta baxuagoak direla”, azpimarratu zuten. “Erpin asko dituen gai konplexua” izan arren, agroekologiaren norabidean sakondu eta estrategia kolektiboak indartzea “ezinbestekotzat” jotzen dute.

Beraz, hil honetan San Martin, Mariaren Lagundia, Aranzadi eta Angiozarko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako ikasleekin elikadura osasuntsuaren eta baratzezaintza ekologikoaren inguruko lanketa egiten ari dira. Abenduan, aldiz, Zure platerean hasten da mundua ekimenari ekingo diote. “Ikasbidairako otarretan jarriko da arreta, eta berritasun gisa, aurten Debagoieneko produktuekin osatuta egongo dira. Ekintza borobiltzeko eskualdeko ekoizleekin tailerra egingo dute ikasleek”, aurreratu zuten.

Urtarrilean Mila kolore, mila zapore egitasmoaren txanda izango da. Kasu honetan, Mireia Alberdi nutrizionistaren eskutik, fruta eta barazkien garrantziaz ohartu eta beraien onurak ulertzeko xedearekin errezeta “erraz eta dibertigarriak” prestatuko dituzte ikasleek. Azoka ere bisitatuko dute.

Ikastaroa

Udaberriari begira, herritarrei zuzendutako oinarrizko sukaldaritza ikastaroa jarriko da martxan. Bertan, eguneroko menu ekonomiko bat garatzeko estrategiak landuko dira herriko sukaldariekin. Gainera, elikagai freskoen eskuragarritasuna bermatzeko proiektu komunitarioen gaineko mahai-ingurua izango da (data aurrerago zehaztuko dute).

Udalak, Deba Garaia Debagoieneko Landa Garapenerako Elkarteak, Ereindajanek, Ehunduk eta Eskubaratzak osatzen dute Elikadura Mahaia. Elikadurako eskubidea, ekoizle zein kontsumitzaileentzako bidezko prezioak eta tokiko garapena dira dagoeneko abian dagoen kanpaina berri honen oinarria.