Badira 170 urte Joxe Mari Iparragirre urretxuarrak Gernikako Arbola kanta abestu zuela Madrilgo San Luis kafetegian eta abestia euskaldunen sinbolo bihurtu zen berehala. Hilaren 26an Gernikako Arbola euskal ereserkiaren lehen batzarra egingo dute Urretxun, Iparragirreren kanta Euskal Herriko ereserkia ofiziala bihurtu dadin. Batzarraren aurreko egunetan ere hainbat ekitaldi prrestastuta daude.
Ekitaldiak Gernikako Arbola elkarteko Gontzal Mendibilek, Juanlu Aranburu tokiko antolatzaileak eta Jon Luqui Urretxuko alkateak aurkeztu zituzten ostegun arratsaldean.
Batzarra Pagoeta gune soziokulturalean egingo dute, hilaren 26an. 11.00etan izango da. Kulturako eta politikako eragileak gonbidatu dituzte. Udalak gainontzeko udal guztiei gutuna bidali die, gonbita luzatuz. Bertaratuek adierazpena sinatuko dute eta ondoren Euskal Herri osotik etorritako kantu jira taldeek kalejira egingo dute, dantzariek eta erraldoiek lagunduta. 13.00etan, Iparragirre plazan, ekitaldi publikoa egingo da. Manifestua irakurriko dute udaletxeko balkoitik eta ondoren Gernikako Arbola abestuko dute. Bazkaldu aurretik, kantu jira taldeek Urretxuko kaleetan abestuko dute. 14.30ean bazkaria egingo dute pilotalekuan.
Hitzaldia
Aurreko egunetan ere hainbat ekitaldi egingo dira. Hilaren 23an, 18.00etan, Iñaki Lopez de Luzuriaga filologo eta idazleak eta Joseba Agirreazkuenaga EHUko Historia katedradunak Gernikako Arbola euskaldunon ereserkia izendatua izateko dauden arrazoiak azalduko dituzte.
24an, 22.00etan, Gontzal Mendibilek eta Goiargi abesbatzak kantaldia egingo dute Labeaga aretoan. Mendibilek Iparragirreren rola beteko du eta gaur egun Euskal Herriaren eta euskararen alde egiten ari garen lanari buruzko iritzia emango du.
Aurkezpenean, Luquik Iparragirrek Gernikako Arbola lehenengoz abestu zuenetik 170 urte bete direla gogoratu zuen. “Berehala arrakasta handia izan zuen hegoaldeko lau lurraldeetan eta baita hemendik kanpo ere. Ereserki bihurtu zen eta denok abestu dugu. Gertaera garrantzitsuen lekuko eta protagonista izan da. Mundua pikutara doala dirudien garai honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da batzen gaituena aldarrikatzea”.
Mendibilek Iparragirre hil eta ia 150 urtera oraindik bere kantak abesten direla azpimarratu zuen. “Hori oso gutxirekin gertatzen da mundu osoan”. Gernikako Arbolak euskaldunon ereserki izateko osagai guztiak dituela gehitu zuen. “Denona da eta historia handia du”.