Gaur hasiko dira Errezilgo San Martin jaiak Borondegin eta elkarteetan 19.00etan martxan jarriko den pintxo-poteoarekin. Iago magoa bertan izango da, ibilbidea girotzen magiarekin. 22.00etan Borondegin izango den karaokeak bukaera ezin hobea emango dio egunari. Biharko egitaraua umeentzako txokolatadarekin hasiko da, 16.30ean. Jarraian ume jolasen txanda izango da. 19.30ean San Martin jaiei hasiera ofiziala emango zaio Sagarra Elkarteak udaletxetik jaurtiko duen txupinazoarekin. Ondoren haurrentzako musika dantzalekuan eta, 20.00etan, play-back emanaldia toki berean. Guraso Elkarteak antolatutako herri afaria ospatuko da frontoian 21.00etan, eta ondoren Irazar taldearen musikarekin dantzatzeko aukera egongo da.

Azaroak 11a San Martin Eguna da. Gaupaseroak goizeko 7.00etan aterako diren argazkiarekin emango zaie hasiera egitaraurari. 11.00etan meza nagusia izango da, Azpeitiko parrokiko koruko kideen partaidetzarekin. Meza ostean hamaiketakoa Borondegin eta 14.00etan bertso bazkaria Letea jatetxean. Aiala Martin eta Agin Laburu trikitilariek eta Eneko Arbeo eta Julen Otamendi trikitilariek bazkaria alaituko dute. Bazkarirako tiketak salgai daude Borondegin, dendan eta Letean (26 euro). 20.00etan hasiko da frontoian sagardo eta pintxo dastaketa. Sarrerak egunean bertan salduko dira (15 euro). 23.00etan Errezil eta Bidaniako taldeek indarrak neurtuko dituzte beheko plazan giza proba batean eta gauerdian hasiko da Lidia eta Itzederren erromeria, eta DjNazaren saioa.

Igandean umeentzako krossa ospatuko da 11.00etan eta 14.00etan Zahagi Ardoa bazkari herrikoia. Zumitarioan izango da eta bakoitzak bere janaria eraman beharko du. Borondegin aurrez izena eman eta bost euro ordaindu dituztenek bertan izango dituzte edaria eta postrea. Andoni Ollokiegiren emanaldiarekin emango zaio jarraipena programari. Eskola gimnasioan 15.30ean burutuko den Pituxa Clown antzerki saioak, frontoian 16.30ean izango diren umeentzako ekintzak eta Borondegi aretoan Zuhaitz Gurrutxaga elgoibartarrak 18.00etan eskainiko duen FutbolisTOK bakarrizketarekin bukaera emango diote asteburuko egitarauari.