Berriz ere 2024 urteko inauteriak gerturatzen hasiak dira eta Tolosako Udalak jada Inauterietako kartel lehiaketarako lanak aurkezteko epea zabaldu duela jakinarazi du. Gainera, azaldu dutenez, “nahi duen orok izango du lehiaketan parte hartzeko aukera eta obrak, ideia nahiz edukiari dagokionez, originalak izan beharko dira derrigor, eta jendaurrean aurkezteko modukoak”. Plagio edo kopia susmorik sortuko balitz, “epaile taldeak erabakiko luke proposamena onartu ala baztertu, eta erabakia apelaezina izango da” gaineratu dute.

Partaide bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ditzake, eta kartelaren aukeraketak hiru fase izango ditu. Lehen fasea astelehenean hasi zen, eta azaroaren 24ra bitartekoa izango da. Fase honetan, aplikazio baten bitartez norberak bere lanak aurkezteko aukera izango du. Bigarrengoan, azaroaren 26tik 30era, kartel irabazlearen aukeraketa egingo da eta epaimahai batek aurkeztutako lan guztietatik bat aukeratuko du. Eta hirugarren eta azken fasean, berriz, abenduaren 10etik 14ra, irabazlearen iragarpena egingo da. Kartelaren ezaugarriei dagokionez, original guztien neurri bertikalak 50x70 zentimetroko proportzioa izango du. Koloreari eta teknikari dagokionez, aldiz, aukerakoa izango da eta kartela formatu digitalean aurkeztu beharko da irudi bektoriala duen artxibo batean.

Bukatzeko, azaldu digutenez, “saria 1.500 eurokoa izango da eta honi dagokion erretentzioa egingo zaio”. Gainera, kartelaren erreprodukzio eskubideak Tolosako Udalaren jabe-tzapean geratuko direla baieztatu dute antolatzaileek.