Jose Quintas Urretxu eta Zumarragako Secundino Esnaola musika eskolako gitarra irakaslea izan zen. Abuztuan hil zen eta bere ikasle ohiek kontzertua eskainiko diote bere omenez gaur.
Kontzertuak bi atal izango ditu. 17.00etan bere ikasle ohiek Zelai Arizti parkeko karpan joko dute. Gauean, berriz, Alter Ego eta Zatekeen taldeek gaztetxean joko dute. Gaztetxeko kontzertua 23.00etan hasiko da. Alter Egoren azken kontzertua izango da.
Quintasen ikasleetako bat Uxue Kerejeta izan zen. “Quintasek musika eskolako konboak eta talde instrumentalak sortu zituen. Bere eskutik talde asko sortu ziren. Antolatu egiten gintuen eta kanpoan jotzera animatzen gintuen”, gogoratu du.
Alter Ego taldeko Aitor Carrasco ez zen bere ikaslea izan, bateria jotzen baitu, baina taldearen sorreran lagundu ziela gogoratzen du. “Ostiral arratsaldetan elkartzen ginen berarekin. Beti laguntzeko prest zegoen. Talde asko sortu ziren bere eskutik. Horietako azkena, larunbatean gurekin joko duen erromeria taldea. Bi belaunalditako musikariok elkarrekin joko dugu eta guztiok Joseren laguntza jaso dugu. Motibatu eta lagundu egiten gintuen”.
Gaztetxoak zirela bi kontzertura eraman zituela oroitzen du. “Guk oraindik ez genuen autorik eta berak eraman gintuen, bere furgonetan. Gurasoei dietu zien eta lasai egoteko esan zien, bera arduratuko zela gutaz”.
Motibatzaile bikaina zela dio. “Musika eskolatik kanpo zegoen mundua erakusten zigun: jendea, musika estilo ezberdinak… Ondoren, libre uzten gintuen. Zekien guztia irakasten zigun eta ez zuen ezer eskatzen”.
Miriam Inza bere taldekideak ere oroitzapen bikaina du. “Oso pertsona berezia zen. Musika pasioz bizi zuen eta ikasleekin oso harreman berezia zuen. Kontzertuari Con la música a otra parte izena jarri diogu, berarekin egiten genuen emanaldiek izen hori zutelako. Larunbat arratsaldeko kontzertua emanaldi haiek bezalakoa izango da: kalean joko dugu eta nahi duen guztiak parte hartu ahal izango du”.