Hariak, zinemaldia hasiko da gaur. Bigarren edizioa da aurtengoa, iaz izan zuen erantzun ona izan ostean. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, helburua berdina da: “Gure herrietan gertatzen denak lotura zuzena du mundu zabalean bizi diren prozesu eta gertakariekin. Hariak munduan zehar gertatzen diren giza eskubideen urraketak ikusarazteko sortu da, baina batez ere, urraketa horien aurrean antolatutako erresistentziei oihartzuna emateko”.

Emanaldiak Kulturarteko Plaza Feministan dira. Sarrera dohainik izango da saio guztietarako.

Gaurko inaugurazio ekitaldian Araks Sahakyan artista armeniarraren Nuit Blanche, zauriak erakusketa ere aurkeztuko da. Erakusketa hau hilabete osoan ikus ahalko da Kulturarteko Plaza Feministan.

Ondoren, Arnaud Khayadjanian zuzendari armeniarraren Anahide film laburra ikusteko aukera izango da eta Asier Blas politologoarekin, Armeniako egoera geopolitikoa aztertuko da.

Biharko egunean ere Armenia izango da protagonista. Izan ere, Armeniako herriak garrantzia berezia izango du Hariak-en edizio honetan.

Azaroaren 12a arte, nazioarteko hamar dokumental ikusteko aukera izango da; sei film luze eta lau labur emango dira. Bertako eta Euskal Herritik kanpoko erresisten-tzia istorioak izango dira: Armenia, Argentina, Kolonbia, Espainia, Kenya, Txile... eta bakoitzaren ondoren, protagonistekin edota adituekin gai horietan gehiago sakontzeko aukera izango da.

Ostegunetik igandera, egunero film bat emango dute eta asteburuetan, saio bikoitza eskainiko dute: goizez eta arratsaldez. Arratsaldetako saioak 18.00etan izango dira eta goizekoak, 11.00etan.

Aurkezpenean, Itsaso Lekuona zinegotziak azpimarratu zuenez, “kalitate handiko” lanak izango dira aurten ere zinemaldian, “kasu askotan, nazioarteko jaialdietan erakutsi direnak eta sariak jaso dituztenak”. Filmak jatorrizko bertsioan emango dira, azpititulaturik.

Xabier Lertxundi alkateak nabarmendu zuenez, “askotan sentitu gaitezke identifikatuta beste herrialde bateko egoerekin”.

Hernaniko Udaleko Lankidetza arloak hernaniar guztiak gonbidatu nahi ditu Hariak-eko saioetara hurbildu eta Euskal Herriko zein mundu zabaleko erresistentzia istorioak ezagutu ditzaten.