Urte hauetan guztietan Lasarte-Oria Bai krosa antolatzen lagundu duten boluntarioak omenduko dituzte lasterketaren XXVI. edizio honetan. Kros herrikoia urriaren 29an burutuko da eta haientzat izango da 1 dortsala, sinbolikoki bada ere.

“Guztiak ezin izan ditugu batu, baina gutxi batzuk aurkezpen argazkira gonbidatu nahi izan ditugu. Urtero-urtero, 150 bat lagun aritzen dira zeregin ezberdinetan eta haien laguntzarik gabe ezinezkoa genuke Krosa antolatzea. Gure esker onik handiena helarazi nahi diegu, eta, boluntario lanean jarraitzera animatzen ditugu”, adierazi zuten Ostadar taldetik aurkezpenean.

Hasiera batean iazko ibilbidea errepikatuko zutela iragarri zuten arren, azken momentuan, Allerruko zubiko lanak direla eta, Zubietara ezingo dira joan. Hortaz, Oriako elizara iritsita, buelta hartuko dute herrira industriagunetik.

Hori bai, aurkez edizioetan bezala, korrikalariak, patin-lasterkariak eta Ipar Martxako ibiltariak izango dira Geltoki kaleko irteera puntuan eta lasterketa 10.30ean hasiko da. Helmuga berriz, Okendo plazaren sarreran ipiniko da.

Parte-hartzeko izen-ematea zabalik dago Internet bidez (www.ostadarskt.eus web orrialdean) eta gaurtik aurrera Manuel Lekuona kultur etxeko kafetegian egiteko aukera zabalduko da, astelehenetik ostiralera, 17.00etatik 20.00etara. Urriaren 28an, berriz, Michelingo frontoian egin ahal izango da (11.00-14.00 eta 17.00-19.30), lasterketa egunean bezala (9.00-10.00).

Izen-emateak 15 euroko balioa du; Ostadarreko bazkideentzat, 10 euro. Azkeneko egunerako uzten dutenek, kasu guztietan, 23 euro ordaindu beharko dute.

Parte-hartzaileek dortsalak lasterketa bezperan eta lasterketa egunean jaso beharko dituzte Michelingo frontoian arestian zehaztutako ordutegian. Kamiseta teknikoak eta sariak herriko taberna, jatetxe, okindegi eta komertzioek eskainitako opariak dira.

Korrika Festa

12.15 aldera, haurren Korrika Festaren XIX. edizioa hasiko da. Izen-ematea Manuel Lekuona kultur etxeko kafetegian egin behar da, gaurtik aurrera 17.00etatik 20.00etara.

Haur bakoitzak zazpi euro ordaindu behar ditu, eta trukean, kamiseta tekniko bana eta, lasterketa amai-tzean, bestelako opariak izango dituzte. Lasterketa motz hauetan 2008tik 2018ra arte jaiotako haurrek parte har dezakete.