Asteburu guztian zehar ospatuko du Ibarrako Kirol Elkarteak bere 57. urteurreneko festa, eta “larunbat eta igandean ekitaldi ugariz gozatzeko aukera” izango dela azaldu dute elkarteko kideek. Larunbatean esaterako, dultzaineroek emango diote hasiera festari, eta 11.00etan Ibarra Kirol Elkartean bilduko dira trikitilariekin batera kalejira egiteko. Jarraian, Txumitxa Tabernara joango dira hamaiketakoa egitera eta 11.30ak aldera poteoan ibiliko dira, herrian zehar, bazkalordura arte. Bazkaria elkartean bertan egingo dute. Bazkal ordutik aurrera festa edo ekitaldirik antolatu ez duten arren, norberak berean festa jarraitzeko aukera ere izango du.

Igandean mezarekin hasiko dute eguna, San Bartolome parrokian. Mezaren ostean, bola eta toka txapelketa jokatuko dute 10.30etan hasita, Emeterio Arrese parkean. Azaldu digutenez, “kategoria ugari izango dira jokoan; gizonezkoak, emakumezkoak eta 18 urte azpikoen kategoria, besteak beste”. Lehen hiru sailkatuek produktu sorta edo herrian bertan kontsumitzeko balea lortuko dute. Elkartekideek ere izango dituzte zenbait sari.

Bola eta toka txapelketan parte hartu nahi dutenek elkartean bertan 10.30etatik 12.00etara bitartean izena eman beharko dutela azaldu dute Kirol Elkarteko antolakuntzako kideek. Bukatzeko, herritar guztiak festan parte hartzera gonbidatu nahi izan dituzte elkartekideek. Bertaratu guztien artean “festa paregabeaz gozatzeko aukera” izango dutela baieztatu dute.