'Leizeta' ikus-entzunezkoa 2023ko BBK Mendi Film jaialdian aukeratua izan da. Dokumentalak Ataungo domoak ezkutatzen duen natur eta kultur ondarea ezagutzera ematen ditu eta, bide batez, kontserbazioaren alde egiten du. “Aukeraketa hau sari handia izan da proiektu xume hau gauzatu dugun lantaldearentzat”, azaldu du Atauniker elkarteak.
2022an, Atauniker kultur elkarteak eta ON Produkzioak ekoiztetxeak elkarlanean, Ataungo Udalaren babesarekin, eta Orkli, Ampo eta Landarlan ingurumen elkartearen laguntzarekin, ekoiztutako dokumental laburra da Leizeta. “Proiektua gauzatzen lagundu diguten elkarteen artean ezin aipatu gabe utzi saguzarren ikerketan diharduen Naturtzaindia elkartea eta espeleologian adituak diren Felix Ugarte elkartea. Behar beharrezkoa izan da, baita ere, kredituetan jasota geratu diren bestelako kideen laguntza”, gaineratu du elkarte ataundarrak.
BBK Mendi Film jaialdia Bilbon ospatuko da, abenduaren 8tik 17ra bitartean, eta Leizeta dokumentala bertako Zabalandi sailean proiektatuko da. Proiektuan lanean aritu diren kideak bertan izango dira egindako lana ezagutzera ematen.
Matias Imaz gogoan
Atauniker elkarteak hil berri den Matias Imazi eskaini dio aukeraketa: “Berri pozgarria jaso dugun momentuan berriki utzi gaituen Matias Imaz eta bere familia etorri zaizkigu burura, proiektu hau, hein handi batean, berarekin barrunbe honetara egindako bisita batetik sortu baitzen. Zauden lekuan zaudela, zuretzat da sari hau Matias!”.