Egun osoko ekoturismo-jarduera izango da urriaren 21ean. Begi Bistanek Behoria Garbia ekimena antolatu du Orion eta Oria ibaiaren itsasadarrean eta ibaia kayakean jaisteko aukera izango dute parte har- tzen dutenek.

Jarduera nagusia Oria ibaiaren jaitsiera izango da eta horretarako bi modalitate egongo dira: bata kayakean eta bestea arraun-surfean. Kayakean hiru txanda egingo dituzte, Usurbilgo Txokoaldetik behera egingo dute eta, gainera, ibaian eta ertzetan aurkitzen duten zaborra jasoko dute parte-hartzaileek. Hiruzpalau ordu egongo dira ibaian barrena eta parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. Horretarako www.begibistan.com/eu/behoria-garbia-2/ webgunean inskribatu beharko da 12 euroren truke.

Arraun-surfean, aldiz, Arraun Pote Zero Waste izena jarri diote jarduerari eta esan dutenez kuadrillan egiteko alternatiba gisa proposatu dute. Jarduera horretan Arraunetxetik behera ordubeteko irteera egingo dute. Horretarako hiru txanda aurreikusi dituzte eta lehena jarduera inklusiboa izango da. Bertan izena eman daiteke 12 euroren truke arestian aipatutako webgunean.

Jarduera horiez gain, Orio herria eta arraunaren historia ezagutzeko bisita-gidatuak egingo dituzte euskaraz eta gaztelaniaz. Izan ginelako gara izeneko bisita goizeko 11.00etan hasiko da euskaraz eta 12.00etan gaztelaniaz. Turismo bulegotik abiatuko da bisita. Arraunaren historia izeneko bisita 16.00etan hasiko da euskaraz eta 17.00etan gaztelaniaz. Hauek Arraunetxetik abiatuko dira. Bisitak doakoak izan arren, izena eman beharko da aurretik lehen aipatutako webgunean.

Tailerrak, erakusketak eta hitzaldiak ere egongo dira datorren asteko larunbatean Orion. Bi tailer eskainiko dira plastikoak sortzen duen arazo larriaren inguruan kontzientzia eragiteko helburuarekin. 16.30ean hasiko dira. Surfing for Science erakusketa ikusgai egongo da egun osoan Herriko Plazan. Proiektua 12.30ean aurkeztuko dute. Arratsaldeko 17.00etan goizeko irteeretan bildutako hondakinen erakusketa egongo da eta ondoren solasaldia egongo da. Azkenik, goizeko irteeretan hondakin gehien jaso dituzten kayakak sarituko dituzte.