Oiarbide Harategia izango da aurki Zumarragan. Izan ere, Iñigo Agirre harakin zumarragarrak erretiroa hartu du eta Patxi Arangiz altsasuarrari pasa dio lekukoa. Biek hilabete eman dute elkarrekin lanean eta, erreleboa egitean, izena ere aldatuko zaio harategiari.

Zumarragako harakina pozik ageri da bera aitona Santosek irekitako harategiak zabalik jarraituko duelako. Arangiz lokal baten bila zebilen eta Agirrerena asko gustatu zaio. “Denbora generaman lokal handi baten bila. Toki askotan begiratu genuen: Goierrin, Donostialdean, Tolosaldean… Azkenean, Zumarragan aurkitu dugu bilatzen genuena”, azaldu du Arangizek.

Oiarbide Harategian denetik eskaintzen dute. “Gure espezialitatea kroketak, txistorra eta txorizoa dira. Gipuzkoako kroketa lehiaketa bi urtez jarraian irabazi genuen. Txistorrarekin eta txorizoarekin Donostian eta Azpeitian sariak irabazi ditugu. Horretaz gain, tripakiak, lasagna, haragi-bolak, entsaladilla, mingaina… egiten ditugu. Enkarguz, bezeroak nahi duen guztia egiten dugu. Nire arreba Amaia da sukaldaria”, aipatu du altsasuarrak.

Arangiz-Oiarbide familiak Zegaman eta Beasainen ere harategiak ditu. “Idiazabalen ere bagenuen, baina txikia zen eta itxi beharra izan dugu. Idiazabalen oso gustura geunden eta idiazabaldarrei eskerrak eman nahi dizkiegu. Oso ondo hartu gintuzten”.

Zumarragan ere ondo hartu dituzte. “Oso gustura gaude. Herri polita da eta ondo saltzeko aukera dago. Harategia toki onean dago eta, gainera, Udalak kale hau berritzeko asmoa du. Jende asko pasatzen da hemendik”, aipatu du.

Arangizek 33 urte ditu eta 13 urte daramatza harakin ofizioan. “Nire familian ez dago tradiziorik. Ni naiz lehen harakina. Aitari ganadua gustatzen zaio eta Altsasun behorrak zituen. Baina ganadutik bizitzea oso zaila da. Hala, harategia irekitzea erabaki genuen. Txahalak aitak gizentzen zituen. Pixkanaka, aurrera egin dugu”.

Bederatzi urte daramatza bere kasa, baina lehenago Iruñeko harategi batean, Gasteizko harategi batean eta Iruñeko hiltegian lan egin zuen.