Soraluze oinezkoentzat egin eta plaza eta azoka berritu ondoren, Zumarragako Udalak Jai Alai kalea berritzeari ekin dio. Lanak astelehenean hasi ziren. Helburua Jai Alai oinezkoentzat seguruagoa egitea da.

Obraren aurrekontua 528.000 eurokoa da eta Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak finantzatu du, ingurune osasungarriak sustatzeko egitasmoaren barne. Obra Morga enpresari esleitu zaio eta lanek lau hilabete inguru iraungo dute.

Jai Alai kalea oinezkoentzat seguruagoa eta erosoagoa izan dadin, oinezkoen eremua zabaldu egingo da. Zorua egoera txarrean dagoenez, berritu egingo da. Plazan eta Soraluze kalean jarri diren baldosak jarriko dira.

Zelai Arizti aretoaren ondoan eta Gure Txoko jubilatuen egoitzaren ondoan oinezkoek atseden hartzeko guneak jarriko dira.

Lanak egin ahal izateko, kalea itxi dute. Hori dela eta, auto gidariek Legazpi kalea erabili behar dute Zelai Ariztiko aparkalekura joateko. Hala, Legazpi kalea bi norabidekoa da. Horretarako, aparkalekuak kendu dituzte. Secundino Esnaola kaletik datozen ibilgailuek ezin dute ezkerrera biratu Legazpi kalera sartzeko: Elizkaleko biribilgunera joan behar dira eta bertan norabidea aldatu.