Aspalditik egiten da azoka Zumarragan, herriko ikurretako batean bihurtuz. Asteko egun ezberdinetan egin izan da eta egun larunbatetan egiten da. Udalak baserritarren gunea zaharberritu du, azoka eta herriko merkataritza sustatzeko egitasmoaren barne.

Inaugurazioa larunbatean izan zen. Ekitaldian Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkatari-tza eta Kontsumo sailburuak eta Mikel Serrano alkateak parte hartu zuten.

Zumarragako azoka 1865ean jarri zen martxan. Garai hartan ostegunetan egiten zen, 15 egunetik behin. Udalak berritu duen arkupeetako gunea 1954. urtean inauguratu zen. 2015-2019 legealdian, berriz, Udalak azoka dinamizatzeko proiektua martxan jarri zuen.

Ordutik hainbat lan egin dituzte azokari bultzada emateko eta lehen sektorea duintzeko. Gaur egunera arte, 2,4 milioi euro inbertitu dituzte azokan eta bere inguruko egitasmoetan. Plaza zaharberritzeaz gain, Soraluze kalea oinezkoentzat egin da, plaza eta Jai Alai kalea lo-tzen dituzten eskailerak berritu dira eta eskaileren ondoan igogailua egin da.

Turismoa

Berrikuntza horiek guztiek turismoaren mesedetarako ere badirela gogoratu zuen alkateak. Bere esanetan, “Zumarragako azoka herriko turismo estrategiaren ardatza” da Antioko baselizarekin batera.

Hurtado sailburuak “arriskuak hartzearen eta epe luzerako proiektuak babestearen garran-tzia” azpimarratu zuen eta “Zumarragako merkatua komunitatearen identitate aberats eta anitzaren sinbolo bihurtu” dela gehitu zuen. “Hainbat eskualdetako langileen harrera eta Euskadiko aniztasuna islatzen ditu. Proiektu honek, halaber, Euskadik ingurumenarekin eta trantsizio digital jasangarriarekin duen konpromisoa islatzen du, haren historia aberatsean oinarrituta”.

Alkateak Goimen eta Landaolari eskerrak eman zizkien, “aholkularitza lanagatik. Baita Udal langileei, Ikerpartner enpresako teknikariei eta Turismo, Merkataritza eta Kon-tsumo sailari ere.