Aurreko astean egin dituzte aurtengo Azken Muga proiektuko azken ekitaldiak. Pasa den asteko igandean, esate baterako, Et Incarnatus orkestraren eskutik Udazkeneko Ekinozio kontzertua izan zen Zaraten. Gainera, antolatzaileek azaldu digutenez, emanaldiaren bigarren zatian, Aralarren Kantuz taldeak euskal kanta ezagunak interpretatu zituen orkestraren laguntzaz. Gainera, kontzertuaren amaieran duela bi aste ospatu zen Aralarreko V. Artzain Gazta Lehiaketako sari banaketa egin zuten antolatzaileek. Guztira txapelketa lehiatutako zazpi parte hartzaileen artetik Ataungo Troskaeta gaztandegia izan zen garaile. Orendaingo Zelaieta eta Uztegiko Antsonearenak izan ziren bigarren eta hirugarren postuak, hurrenez hurren.

Ondoren, Garoa Saria ere eman zuten Azken Mugako antolatzaileek. Honekin, “kultura eta sustraien alde lan egin duen eskualdeko pertsona bat saritzea” du helburutzat antolakuntzak. Aurreko urteetan adibidez, Resu Balerdi artzain eta dantzari bedaiotarrari, Antxon Elosegi kultur eragile tolosarrari, edota Xabier Leturia panderojole billabonatarrari eman zaio sari hau. Aurten, Irulegiko eskua aurkitu zuen Leire Malkorra Renovales Aranzadi zientzia elkarteko arkeologo boluntario tolosarra izan da saritua.