Kooltur Ostegunak ziklo berriari ekingo diote bihar Arrasaten
‘Su festak’ saiakera aurkeztuko du Jon Urzelaik Kulturaten, eta Bengo taldea gaztetxeko oholtza gainera igoko da
Herrian kultur arloan ekintza gehiago egin zitezkeela sinetsita, 2010ean Kooltur Ostegunak izeneko ekimena jarri zen martxan, Arrasateko gaztetxeko oholtza aprobetxatuz. Bihar ikasturte berriari emango diote hasiera kalitate eta barietate handiko proposamenekin. Eta musika egitarauaren ardatz nagusia izan arren, besteleko kultura diziplinek ere tokia izango dute.
Beraz, bihar Jon Urzelai musika kazetariak Su festak liburua aurkeztuko du Kulturaten, 19.00etan; eta gauean, gaztetxeko taula gainera Oiartzungo Bengo musikari gazteak gidatutako pop eta musika urbanoa nashasten dituen taldea igoko da.
Urriaren 12an, aldiz, Danimarkatik etorritako The Movement taldeak hartuko du lekukoa. Hirukote formatuan datoz Arrasatera mod-rock etiketapean kokatzen diren musikari hauek. The Jam taldearen izpiritua ere oso presente dute, eta The Clash taldea ere oso gertuko dute. Hilaren 19an, Mendaron sortutako Munlet bikotearen kontzertuarekin gozatzeko aukera egongo da, eta 26an, punk-oi! eszenari freskotasuna eman dion Ingalaterrako Grade 2 talde gazteak borobilduko du urriko programa. Kontzertu guztiak 22.00etan hasiko dira gaztetxean (zazpi euro).