Zumarraga – Adinekoen Nazioarteko Egunaren dela eta, Zumarragako adinekoen kontseiluak hainbat ekitaldi antolatu ditu. Zumarragako Pertsona Nagusien Astea bihar hasiko da eta urriaren 3an amaitu.
Bihar, 11.00etan, erakusketa irekiko dute azokan. Erakusketa astelehenetik ostegunera irekiko dute, goizez eta arratsaldez.
Erakusketaren inaugurazioaz gain, jolasak egongo dira. 16.30etik aurrera Zelai Arizti parkean partxisean, kartetan, tokan… jokatuko dute. 17.00etatik aurrera billarrean jokatuko dute, Gure Txoko elkartean. Adin guztietako bizilagunek elkarrekin jokatzea da helburua.
Asteartean, 11.00etan, Nire osasuna zaintzen hitzaldia egingo dute kultur etxean. 19.00etan, Pequeños grandes amigos pelikula emango dute Zelai Arizti aretoan. Pelikula honetako protagonistak geriatriko bateko egoiliarrak eta ikastetxe bateko haurrak dira. Sarrera doan izango da.
Asteazkenean, 9.30etik 11.30era, Osakidetzaren osasun karpetari buruzko tailerra emango dute KZgunean (kultur etxean). Parte hartzaileek internet bidez txanda eskatzen, beraien historiala kontsultatzen… ikasiko dute. Parte hartu nahi dutenek Gizarte Zerbi-tzuetan izena eman behar dute. Horretaz gain, 11.00etan ibilaldi osasungarri dinamizatua egingo dute. Asteazkeneko ekitaldiekin bukatzeko, 17.30ean Enrique Alamillosek aurretiazko borondateei buruzko hitzaldia egingo du kultur etxean.
Ostegunean, 9.30etik 11.30era, osasun karpetari buruzko tailerraren bigarren saioa egingo dute. Eta 17.30ean Jon Madina mediku zumarragarrak inkontinentziari buruzko hitzaldia egingo du kultur etxean.
Ostiralerako ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte. 10.00etatik 11.00etara, Gure Txoko elkarteko kideek pilates erakustaldia egingo dute Zelai Arizti parkean. 11.30ean, berriz, Olaia Aranak adimena gutxitzen doanean hartu beharreko erabakiei buruz hitz egingo du. Hitzaldia kultur etxean izango da. Ostiraleko ekitaldiekin bukatzeko, 17.30ean Irri Makila taldeko kideek bakarrizketak egingo dituzte Zelai Arizti aretoan.
Larunbatean, 13.00etan, kantu poteoa egingo dute Goiargi abesba-tzarekin. Jubilatuen elkartetik abiatuko dira. Urriaren 1ean, 12.00etan manifestua irakurriko dute plazan eta 19.00etan Gure Txokoko kideek dan-tza erakustaldia egingo dute. Azken ekitaldia urriaren 3an izango da: Diego Bernadinik pertsona nagusia izateko modu berriei buruz hitz egingo du kultur etxean.