Aurtengo omendua Txanbolin txistulari banda izango da eta bere kideak izango dira aurtengo txupinazoa botatzeaz arduratuko direnak Urnietako sanmieletan. Irailaren 27tik urriaren 1era ospatuko dira eta atzo Urnietako Udalak programaren aurkezpena burutu zuen Ana Pozas Kultura zinegotziarekin.
Txanbolin aukeratu dute “urte hauetan guztietan buruturiko ekarpenagatik eta Urnietako ondare kulturala azaleratu eta aberasteko erakutsiriko konpromezuagatik”, aipatu zuen Pozasek.
Egitarauari dagokionez, Kultura zinegotziak musika mota desberdinetako kontzertuak izango direla nabarmendu zuen. Hitzordu guztiak bi espazioetan kokatuko dira, Txosnagunean eta San Joan plazan: “Herriko DJ-ak, Nahi Ta Ezin, Lappa, Nemux, Ameba, Leizeak, Rode, Neu, Odei, TOC, Raimundo el Canastero, DJ la Txiringa, Rukula… Ikus daitekeen bezala eskaintza zabala da eta gainera herriko taldeek protagonismo handia izango dute. Horretaz gain bogan dauden talde batzuk zuzenean ikusteko aukera izango da”, laburbildu zuen Pozasek.
Haurrak ere sanmieletako protagonista izango direla gogorazi zuen. Euren eguna irailaren 28a izango da eta Irati Aierdi eta Asier Montes alkate txiki izendatuko dituzte.
San Mieletako beste egun garran-tzitsuetako bat kuadrillen eguna izaten da: “Larunbat eguerdiko hamabietan, triki+bertso poteoa abiatuko da txosnagunetik eta San Juan plazan, bestalde, kuadrillen kalejira hasiko da egun luze bati hasiera emanez”, esan zuen zinegotziak.
Azken egunean ere hainbat ekin-tza izango dira eta horien artean Aizkibel harrobiak babesturiko Txekor jate solidarioari egin zion aipamen berezia Pozasek. Aurten Amher SOS Arrazakeria elkartearentzat izango da bildutako dirua.
Azkenik, Ainhoa Ostolaza Berdintasun zinegotziak aipatu zuenez, informazio eta arreta puntua ipiniko dira Sanmiel jaietan: irailaren 27an, San Joan plazan eta irailaren 29an eta 30ean, Zaldundegin.
Trafikoa
Aurten txosnak kiroldegiaren aurrean kokatuko dira eta ondorioz, bihartik urriaren 3a bitartera, trafiko mozketa izango da Pintore kalean. Halaber, atzotik ezin da bertan aparkatu.
Bestalde, barrakak, iaz bezala, Errekalde kaleko aparkalekuan jarriko direnez, gaurtik aurrera eremua itxiko da.
Jorge Segurado alkateak aditzera eman zuenez, datozen egunetan trafiko mozketei buruzko xehetasun gehiago emango dira APPan.
Gainera, mozketa guztiak aste honetan banatuko den jaien egitarauan zehaztuta daude.