Komun publiko berri bat ipini du Lazkaoko Udalak udalerriko Gurutze auzoan, 8 eta 9 zenbakien artean. Erabilera mistoko komuna da eta desgaitasuna duten pertsonentzako irisgarria. Dagoeneko herritar zein bisitari guztien- tzat erabilgarri dago.

Barruan komunontzi bat dago, altzairu herdoilgaitzezkoa, pixoihalak aldatzeko espazioa, konketa, lehorgailua eta ispilua. Kanpoaldean, berriz, hiru pixatoki daude. Horretaz gain, led motako argi-adierazleak ditu komunak kanpoko aldean, komunaren egoerari buruzko informazioa ematen dutenak. Isolamendu termiko eta akustiko egokia bermatuko duten panelek osatzen dute atea. Bestalde, eserlekua, espazioaren barrualdea, lurzorua eta kanpoko pixatokiak garbitzeko eta desinfektatzeko sistema automatizatua du komun berriak.

Instalatze lanak udako hilabeteetan burutu dira. Inbertsioari dagokionez, Lazkaoko Udalak 52.940,74 euro bideratu ditu komun berrirako.

Erabilera arduratsua

Gurutze auzoan dagoen komun publikoa ez da herriak duen bakarra. Lazkaok mota horretako beste bi komun ditu Hiribarren eta Hirigoien kaleetan. Udalak erabilera arduratsua burutzeko eskaera luzatu die lazkaotar zein bisitariei.