Aurreko astean Tolosan aurkeztu zuten 2023-2024 ikasturterako kultur ikastaroen eskaintza eta Amasa-Villabonako Udalak ere urrian hasita eskainiko den eskaintzaren berri eman nahi izan du. Aurtengorako ere “eskaintza zabal eta anitza” helburu, ikasturte osoko iraupena izango duten hamar kurtso ezberdin antolatu ditu Udalak, Beatriz Unzue alkateak aurkezpenean azaldu zuenez. Helduei bideratutako iraupen laburreko bi ikastaro ere gehitu dituzte eskaintzara ikasturte honetan. Virgina Ameztoyk eskainiko duen serigrafia tailerra alde batetik, eta oinarrizko argazkigintzan murgiltzekoa, bestetik. Villabonako Udaleko kultur teknikaria den Joxean Cuberok azaldu zuenez, “argazkigintza kurtsoan mugikorrarekin argazkiak ateratzen dituztenek eta argazkigintza analogikoa lantzen dutenek izango dute lekua”.

Ikasturte osorako iraupeneko kurtsoei dagokienez, heldu zein gazteenentzako bideratutako ikastaroak izango dira eskaintzan. Funky eta ballet ikastaroak, haurrei begirako antzerki tailerrak, eskulanak, egur lanketa, edo arte aplikatuak, besteak beste. Ikastaroetan izena emateko epea irailaren 27an amaituko da eta Udaletik jakinarazi dutenez “villabona.eus webgunean dagoen formularioa betez” egin behar dira.