Síguenos en redes sociales:

Larunbatean IkusZirkus programa hasiko da Andoainen

Zirkuaren hainbat diziplina biltzen dituen zikloak hilabete honetan bost emanaldi eskainiko ditu

Larunbatean IkusZirkus programa hasiko da AndoainenN.G.

Andoaingo Udalakzirkuaren hainbat diziplina biltzen dituen IkusZirkus egitasmoaren beste edizio bat antolatu du larunbatetik irailaren 22ra bitarte. Guztira bost emankizun eskainiko dira, ohi moduan, herriko gune eta zenbait eraikinetan.

Honenbestez, irailaren 9an, 19.00etan, Truca Circus konpainiak Sopla! ikuskizuna eskainiko du Goikoplazan. “Ikuskizun ikusgarria izango da, besteak beste, diaboloa, sokak eta pilotak nahasten dituen emankizuna”, azaldu dute.

Hilaren 15ean, 20.00etan, Kine Circus Etiopia konpainiak Greed!, zirkua eta elkartasuna lotzen dituen emankizuna, eskainiko du Basteron. Kasu honetan, bost euroko sarrera ordaindu beharko da.

Hurrengo egunean, 18.00etan, Otieta parkean, Zirkozaurre taldeak zirkua eta euskal musika tradizionala lotuko ditu Harreman deitu duen obran.

Irailaren 17an, Circ AboutIt konpainiak El apartamento eskainiko du, 19.00etan, Goikoplazan.

Amaitzeko, irailaren 22an, 20.00etan, D’Click taldeak Latas ikuskizuna taularatuko du. Hau ere Basteron izango da eta bost euro balioko ditu sarrerak.