Bihar Villabonako Baratze Parkean ospatuko den doako tailer baten berri eman du Amasa-Villabonako Udalak, Kimua Paisaia eta Kutxa Fundazioarekin elkarlanean antolatu duena. Tailerrak ordubeteko iraupena izango du, 18.00etan hasi eta 19.00ak arte. Gainera, antolatzaileek azaldu dute ez dela beharrezkoa aurretik izena ematea. Beraz, nahi duen orok gerturatu ahalko du ekintza honetara.

Udaleko ordezkariek adierazi dutenez, baratzeko erabiltzaileei bideratutako tailerra den arren, “edonor gerturatu daiteke baratze parkera hitzaldia entzutera eta bertakoaz ikastera”. Gainera, azaldu dute Furgobaratza zerbitzua eskainiko dela. Hau da, tailerrean parte hartzen duten guztiek baratzeko gai eta zalantza ezberdinen inguruko aholkularitza orokorra jasoko dute, plantel eta hazi ekologikoen inguruko hitzaldia jaso ondoren.

Bukatzeko, tailerrean haziei eta hazitegiei buruz ariko dira. “Tailerrarekin bukatzeko, baratzean ditugun barazkietatik haziak nola lortu eta ondoren hazitegian nola zaindu ikasiko dugu” azaldu dute antolakuntza taldeko kideek.

Bihar arratsalderako antolatu den Furgobaratza ikastaroaz gain, Villabonako Udalak jakinarazi du aste honetan bertan zabalduko duela 2023-2024 ikasturterako osatu duen kultur ikastaroen eskaintza zein den. Izen-emate prozesuak ere martxan jarriko dituzten antolatutako edozein hitzaldi zein ikastarotan parte hartu nahi duten herritar guztientzat.