Usurbil – Usurbilgo Udalak uztailean hasi zituen Zumartegiko ibaier-tza berreskuratzeko lanak. Lehenengo, ibaiertza garbituko dute; besteak beste, landare inbaditzaileak kenduko dituzte. Horren ostean, urbanizazio lanak egingo dituzte.

Aditzera eman dutenez, urbanizazio lanei dagokienez, batetik, ibaier-tzeko aparkalekuak kenduko dira, zati handi batean, oinezkoentzako bide berri bat egiteko. Bestetik, oinezkoen egungo bidea kendu eta ibaiertzeko basoa berreskuratu eta zabaltzeko lanak egingo dira.

Azkenik, ibaiertza berreskuratu eta uholdegarritasun arriskua murrizten lagunduko duten bioingeniari-tza lanak ere gauzatuko dira. Ibaier-tzetik gertu, gainera, bidexka berriak egingo dira, errioarekiko lotura bultzatzeko.

Udaletik jakinarazi dutenez, azken hilabeteetan bitan atera da proiektua lizitaziora, eta bietan hutsik gelditu da. Gauzak horrela, proiektua gauzatuko dela bermatzeko, zatika egitea erabaki zuen Udalak.

Gainera, proiektua gauzatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Ihoberen dirulaguntzak jaso ditu Udalak: guztira, 155.000 euro.