Ane Torres Arruabarrenak (Ordizia, 1999) kirola ihesbide du. Zoriontasuna aurkitu du bertan. Arazoei aurre egiteko indarra alegia. Etxekoek erakutsi diote kirolarekiko maitasuna, errespetua eta esker ona. Familian ditu kirolari erreferenteak. Haiengandik ikasi du primerako pisu jaurtitzaile izaten. Baita Odei Lopez entrenatzaileari esker ere, txikitatik alboan izan baitu. Aurreko urtean aro berri bat hasi zuen Club Atlético San Sebastianen, Txindoki Atletismo Taldean urte luzez bizi izandako esperientzia politak atzean utzi ondoren.

Nola hasi zinen pisu jaurtiketaren munduan? Betidanik izan duzu kirolarekiko interesa?

–Ahizparengatik hasi nintzen. Albak atletismoa egiten zuen, pisu jaurtiketa, hain zuzen ere. Etxera iristen nintzen bakoitzean esaten zidan zein ondo pasatzen zuen entrenamenduetan, zein gustura sentitzen zen han, eta nola egunero, kirolaren bidez, bere burua gainditzen zuen, txapelketa garrantzitsuetara iritsiz. Horrez gain, gure aita oso kirolaria da eta txikitatik erakutsi digu kirolarekiko maitasuna.

Zer utzi, sakrifikatu edo egokitu behar izan duzu zure bizitzan pisu jaurtiketan aritu ahal izateko?

–Hamabi urte nituenean hasi nin- tzen pisu jaurtiketan, oso gaztea nintzenean; eta harrezkero txapelketa garrantzitsuetara joan izan naiz. Hasieran ez nituen gauzak hain serio hartzen, baina pixkanaka konturatu nintzen horrelako txapelketetara iristea ez dela jolasa. Nire lagunak parrandan ateratzen hasi zirenean hasi nintzen kirolarekin erantzukizun handiagoa izaten. Askotan ezin izaten nuen haiek bezala gozatu. Gogoan dut, urte amaieran, ikastolarekin joaten ginela izotz gaineko patinajea egitera, eta, sarritan, kanpoan geratu behar izaten nuela patinatu gabe, ez lesionatzeko, eta horrela denboraldi osoa ez galtzeko. Horrelako plan asko galdu izan ditut. Duela aste batzuk, adibidez, Espainiako Txapelketa izan nuen. Aurreko egunak bero handikoak izan ziren, baina ni ezin izan nintzen ez igerilekura ez hondartzara joan, gorputza asko nekatzen duten planak baitira.

Lehiaketak irabazi eta tituluak lortu dituzu. Zeintzuk?

–Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldun izan naiz, eta Espainiako Txapelketan urrea, zilarra eta brontzea lortu ditut hainbat mailatan. Uztailaren amaieran, Torrenten (Valen- tzia) 2023ko aire zabaleko Espainiako Atletismo Txapelketa Absolutua jokatu da, eta bertan hirugarren postua lortu dut; aurreko urtean bezala.

Zein izan da une pozgarriena pisu jaurtitzaile gisa?

–Duela urte batzuk, entrenamendu baten ondoren, min handia sentitu nuen bizkarrean, eta hurrengo egunean ezin izan nintzen ohetik bakarrik jaiki. Oso hilabete txarrak igaro nituen, medikuak hernia diskala nuela esan baitzidan, eta hain gustuko dudan kirol hau egiten ez jarraitzeko arriskua. Eta ez hori bakarrik, bizitza normala izateko arazoak izan nitzakeela ere jakinarazi zidan. Baina lan ugari eginda iritsi nintzen Valentzian jokatu zen Espainiako Txapelketara, eta guztien harridurarako, irabazi egin nuen. Oso une berezia izan zen, batez ere harmailetara begiratu nuenean, eta nire familia eta entrena- tzailea hunkituta eta lortutakoaz harro ikusi nituenean.

Oso zorrotza al da zure entrenamendu-errutina?

–Urteak igaro ahala, entrenamenduak fisikoki baino zorrotzagoak zaizkit buruz. Izan ere, burua beti aktibo mantentzea zaila egiten zait sarri.

Nola prestatzen zara mentalki lehiaketa garrantzitsu baten aurretik? Baduzu erritual espezifikorik?

–Lehiaketa garrantzitsuak ditudanean, aurretik izan ditzakedan arazoak edo kezkak konpontzen saia- tzen naiz. Nire lagun onenarekin planak egiten ditut sentsazio txar guztiak ezabatzeko eta lehiaketara lasai iristeko. Halaber, lehiaketan ez pentsatzen laguntzen didaten planak egiten ditut; adibidez, film bat familian ikustea.

Zeintzuk dira zure helburuak pisu jaurtiketaren munduan?

–Nire helburua aldatu egin da lesio larria izan nuenetik. Une honetan ondo pasatzea eta nire ingurukoak gozarazten jarraitzea da nire nahia. Halaber, Euskadiko errekorra (14,33 metro) hautsi nahiko nuke. Nire emaitza hoberana, orain arte, 14,17 metro da.