Urtarrilean ekin zion Klima eta Energia Plana idazteari Oiartzungo Udala, energia burujabetzan aurrerapausoak ematea bere helburu estrategikoetako bat baita. Klima aldaketaren aurrean herriak duen kalteberatasuna eta arriskuen ebaluazioa egin du, hartu beharreko neurriak identifikatu eta lehenesteko.

Diagnostikotik ateratako emaitzekin lehentasunak identifikatu ditu Udalak eta arriskuak gutxitzeko eta egoera hauetara egokitzeko datozen urteetan gauzatuko dituen ekintzak zehazten hasi da.

Herritarren proposamenak ere jaso nahi ditu horretarako. Izan ere, galdetegi bat prestatu du auzoetan eta herriko txoko ezberdinetan klima aldaketa gutxitzeko eta inpaktua txikitzeko neurriak oiartzuarrekin batera erabakitzeko.

Irailaren 4a bitarte zabalik egongo da proposamenak egiteko aukera. Online egin daiteke, oiartzun.eus webgunean dagoen esteka baten bidez. Auzoetan buzoiak ere jarri ditu Udalak, hala nahi duten herritarrek galdetegia paperean bete eta bertan uzteko.

Azken 40 urteetako joerei erreparatuta, hobetzeko bitartekorik jarri ezean mende amaieran izango litzatekeen egoeraren proiekzioa egin dute. Oiartzungo batezbesteko tenperatua 4,5ºC igoko litzateke, 13ºC-tik 17,5ºC-ra. Bero bolada egunen maiztasuna eta gau tropikalak ohikoagoak izango lirateke.

Prezipitazioa %11 murriztuko litzatekeela aurreikusi dute (5,4 mm/egunetik 4,8 mm/egunera).

Urtean 22,2 euri egun gutxiago izango lirateke eta hauetan botatako kantitatea handiagoa izatea espero da.