Amasa-Villabonako Santio jaien ospakizunekin batera Otsabi Fest izeneko azoka berezia ospatu zuten asteartean. Bertan izan ziren inguruko artisau, diseinatzaile zein bestelako zenbait artista.

Egun guztian zehar eguraldia lagun izan ez zuten arren, “aurtengoarekin pozik” agertu dira antolakuntza taldeko kideak aurten Otsabi parkean osatu duten egitarauarekin. Aurten bigarrenez ospatu dute festa, pasa den urtean Etxebeste parkean egin zuten. Aurtengoan ere “jendearen harrera bikaina” izan dutela azpimarratu nahi izan dute.

Goizetik hasita, 20.00rak bitarte eskualdeko artisau zein diseinatzaileen postuak izan ziren azokan. Horien artean Elena, hidrolatoak; Gema, loradenda; Helena Agell, koadernaketa eta zianotipia... eta beste hainbat artista izan ziren, besteak beste. Gazte zein helduentzako prestatutako mota askotariko tailerrak ere egin ahal izan zituzten bertaratuek. Goizean zehar yoga aulkian, ukenduak eta artisau paperen tailerrak izan ziren. Arratsaldean, aurreko urteko azokan bezala moda desfilea egin zuten 18.00etan, eta festa musika kontzertu ezberdinekin amaitu zen.

Antolatzaileak datorren urtekoa prestatzen hasteko gogoz azaldu dira jada.