Eusko Jaurlaritzak eta Altzoko Udalak lankidetzan osatutako proiektuan Altzo-Azpiko Kaolin-Eder meatze-ustiategi zaharra konpontzeko lanak esleitu dituzte. Proiektu honen bi helburu nagusiak meategiaren ingurunea segurtatuz arriskua kentzea eta eremu honek duen ingurumen balioa leheneratzea direla adierazi dute Udaleko ordezkariek.

Meategia konpontzeko obraren egikaritzarako epea hiru hilabetekoa da, eta 578.740,66 euroko aurrekontua izango du guztira obra lanak egingo dituen enpresak. Aurrekontu honetako 430.000 euro inguru Eusko Jaurlaritzak duela zenbait urte martxan jarritako Next proiektutik datoz. Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez, Next proiektua “Gipuzkoako enpresen etorkizunerako osatutako proiektu estrategikoa da”. Programa honek lurraldeko 66 proiektu espezifiko biltzen ditu, eta horiekin Europako Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismotik jasotako 1.001,1 milioi euro banatuko ditu. Gainontzeko 148.000 euro inguruak Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu.

Altzoko Udalak proiektu honen berri ematerakoan jakinarazi duenez, aipatutako helburuak lortu ahal izateko bi proiektu zehatz garatuko dira. Alde batetik, Altzoko Kaolin-Eder meatze-ustiategi zaharra leheneratzeko eta segurtasun-egoeran jartzeko lanek 446.760,58 euroko aurrekontua beharko dute. Bestetik, Altzo Azpiko Kaolin-Eder meatze-ustiategi zaharraren ingurumena berrezartzeak 131,980.08 euroko kostua izango du. Gainera, Udalak baieztatu du azken urteetan lan hauek egin ahal izateko meategiaren inguruko titulartasun partikularreko hainbat lursail erosi behar izan dituela. Erositako lursail hauei esker, esku hartzeko eremua 2 hektarea ingurukoa da. Azken emaitza moduan zona leheneratu bat edukitzea bilatzen dute Udalak eta Jaurlaritzak. Bertan 15 x 15 metroko dentsitateetan gaztainondoak eta haritzak landatuko dituzte. Errestaurazio lanak burutzen diren bitartean, Inguruaren segurtasunagatik, itxitura perimetrala egingo da.