Euria eta hodeiak ez dira jaiez gozatzeko bidelagunik onenak, eta bietatik soberan izan zuten Azpeitira hurbildu zirenak atzo, batez ere goizean. Aterkinaren beharra funtsezko izan zen hainbat unetan. Hala eta guztiz, festa giroa eguraldi txarrari aurre egin zion beste behin ere eta Santiago egun ezin hobea bizi izan zen atzo Azpeitian.

Azpeitiko kaleak bertako nekazari-tza eta abeltzaintza sektoreen indarraren erakuslehioa bihurtu ziren atzo. Urolako eskualdeko baserrietan hazitako blonda, limousin eta pirenaika arrazetako abere-buruen Zelai Luze kaleko erakusketa horren adibide garbia izan zen.

Gaztak eta sagardoak ere garrantzi handia dute Santiago eguneko azokan. Euskal Herriko gazta eta sagardo ekoizle onenetakoak biltzen dira Baserritar Egunean antolatzen diren lehiaketetan parte hartzeko. Atzokoan, Beñat Egañak, Mutrikuko Olatz Goikoko Goienetxe gaztandegikoa, irabazi zuen gazta txapelketa 332 puntuekin. Bigarren saria Legazpiko Makatzarentzat izan zen 325 puntuekin eta hirugarrena, Lekarozeko Kortariarentzat 314 puntuekin.

Gazta lehiaketa garrantzitsua bada, zer esan sagardo txapelketari buruz. Atzo 49. edizioa ospatu zen eta txapela Izeta sagardotegiarentzat izan zen. Aiako sagardotegiak 133 puntu lortu zituen. Bigarren saria, berriz, Donostiako Barkaiztegi sagardotegiarentzat izan zen 130 puntuekin, eta hirugarrena Astigarragako Petritegi sagardotegiarentzat 127 puntuekin.

Arratsaldeko protagonistak errekortariak izan ziren. Azpeitiko zezen plazan ospatu zen Zezen Beltz elkarteak eta Toropasionek antolatutako Azpeitiko Errekortarien Txapelketa. Eusebio Sacristánek, Usek, bere seigarren garaipena lortu zuen. Jonatan Estébanez, madrildarra, izan zen bigarrena eta Juan Carlos Garcia, Juancar, hirugarrena.

Trafiko aldaketak

Jaiek herri barruko trafikoan eragina izango dute. Atzo, Santiago eguneko ganadu feria zela-eta, Zelai luze itxi egin zen trafikoarentzat. Udaletxetik adierazi dutenez itxiera hau abuztuaren 5a arte iraungo du, bertan txosnak izango baitira.

Udalak gogoratu du asteburutik egokituta daudela Jesuitinen eta Perdillegiko Karmelo Etxegarai ikastolako eraikinaren jolaslekua aparkaleku gisa. Datozen egunetan, beharrezkoa den kasuetan soilik ibiltzeko garraio pribatu eskatu du.