Miriam Bikuña Vielbak irabazi du Urretxuko jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketa, Betiko jaiak bai, moderno ere bai lanarekin. Zazpi lan aurkeztu dira eta bi bozkatuenak Bikuñak aurkeztu dituen biak izan dira.

Zumarragako gazte honek 20 urte ditu eta Musika eta Filosofia ikasten ari da Madrilen. Lehen aldiz aurkeztu da halako lehiaketa batera. Ez zuen Urretxuko Santa Anastasia jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketara aurkezteko asmorik, baina azterketak bukatutakoan parte hartzea erabaki zuen. “Azkeneko uneko gauza izan zen. Ekainaren 16an azterketak bukatu nituen eta, azala egiteko egun gutxi nituen arren, lehiaketan parte hartzea erabaki nuen”, azaldu zuen ostiraleko sari banaketan.

Marraztea asko gustatzen zaio eta Arte Ederrak ikastekotan egon zen. Saritua izan den lanean, jaietan egungo elementuak txerta-tzea aldarrikatu du. “Bi lan aurkeztu ditut. Bata alaia zen eta beste originala. Azken honek irabazi du. Izenburuari ohi baino garrantzi handiagoa eman diot. Tradizioa gustatzen zaigu, baina jaietan gaur egungo gauzak ere txertatu behar direla aldarrikatu dut”, aipatu zuen jaietako azalaren egileak.