Usurbilgo Harane futbol zelaiko belar artifiziala ordezkatzeko lanak hasi dira asteburu honetan. OPSA Obras y Pavimentos Especiales SA enpresak eskuratu du lizitazioa eta, obraren aurrekontua 217.130 euro ingurukoa da. Lanak abuztuaren 28rako amaitzea aurreikusi dute.

Obraren arduradunek aditzera eman dutenez, asteartera arte makinak belar artifizial zaharra altxa eta biribilkiak antolatzen arituko dira, belar berria jarri aurretik.

Egoera onenean dauden belar zatiak herritarren eskura jarriko dira. Enpresaren esanetan, 50 biribilki inguru izango dira, 25x2 metrokoak eta 150 kiloko pisua izango dute, gutxi gorabehera.

Biribilkiak eskuratu nahi dituzten herritarrek udaletxean egin beharko dute eskaera. Gainerako guztia berrerabilpenera bideratuko da.

Belar artifizialek, oro har, hamar edo hamabi urte irauten dute, fabrikatzaileen esanetan. Gaur egungo Harane duela 16 urte inguru egin zen, eta ordutik ez da belarra behin ere aldatu.

Haraneren kasuan, hasierako urteetako erabilera ez zen egungoa bezain handia, eta horrek ahalbidetu du berritzea atzeratu ahal izatea. Azken urteetan, ordea, nabarmen egin du gora Usurbilgo Futbol Taldearen jardunak, eta, beraz, belarra aldatzeko premia ere areagotu da: izan ere, belarraren egoera kaskarrak lesioak eragin ditzake.

Hau ez da Haranen aurten egin den hobekuntza bakarra. Martxoan ere zenbait lan egin zituen Usurbilgo Udalak futbol zelaian. Orduan, barandak eta aldagelak pintatu zituzten eta kanpoko porteriak gordetzeko itxiturak jarri zituzten.