Síguenos en redes sociales:

Hondarribia: Psilocybe Musika Elkarteak 30. urteurrena ospatuko du

Hondarribia: Psilocybe Musika Elkarteak 30. urteurrena ospatuko du

30 urte betetzean, Psilocybe Musika Elkarteak bertako taldeak kanpokoekin elkartuz eta bestelako hainbat ekimenekin ospatu dute, baina orain ospakizuna kalera atera nahi dute. Izan ere, Psilocybeko gaur egungo arduradunek argi dute hogeita hamar urte martxan egotea ez dela “nolanahiko gauza”, are gehiago “motorraren energia bakarra musikarekiko grina, elkartasuna eta militantzia direla kontuan izanik”. Hori dela eta, “elkartekideen artean bizitako erreleboak eta herri txikiek kulturari egin diezaioketen ekarpenak ospakizun bat merezi duela argi utziko dugu udaran bi jaialdi antolatuz”.

Zehazki, larunbatean, uztailak 22, egun osoko musika elektroniko saioa egingo dute Millonetis (San Markos) parkean. Euskal Herriko nahiz estatuko zazpi proposamen desberdin ekarriko dituzte: Mr. Chubachuba, Gorks & Nafo, Mauli, Alffie, Costas, Red Moon eta Lola Mento.

Aurrerago, abuztuaren 25ean eta 26an P30 Jaialdia egingo dute Hondarribiko kiroldegiko parkinean. Doakoa izango da eta 11 taldek hartuko dute parte: Sasquatch, Joseba & Lenoir, Tzar, Txavvö eta Imago 4 ostiralean, eta Bala, The Capaces, Lif, Naica, Horzdun eta Midnight Sinners larunbatean. Nagusiki elkarteko musikariak dira, baina Estatu Batuetako, estatuko eta Euskal Herriko talde esanguratsuak badira ere. “Rock doinuak izango dira nagusi, bere espektru zabalenean, baina popak eta trapak ere izango dute lekurik”, azaldu dute. Gainera, larunbat horretarako herri bazkaria antolatu dute ere.

Azkenik, urteurrena dela eta P30 musika bilduma aurkeztuko dute, gaur egun Psilocybe musika elkartearen baitan dauden talde eta musikarien 19 kanta berri biltzen dituena.