Azken urtean irakurzaletasunaren alde egindako lanagatik, Zizurkilgo Plazida Otaño Udal Liburutegiak Maria Moliner txapelketako sari Nagusia jaso du. Estatu mailan 10 liburutegik soilik jaso dute sari hauetako bat, eta Zizurkilgo Udal Liburutegiak sari Nagusia jasotzeaz gain, Euskal Herrian banatu den sari bakarra jaso du.

Azken urteetan egindako lanaren ondorio diren zenbait sari jaso ditu Plazida Otaño Liburutegiak eta bertako langileek. Hala ere, lehen postua eskuratzen duten lehen aldia izanik, oso pozik agertu dira bertako langileak. “Lehen saria jasotzen dugun lehen aldia da honakoa. Ez genuen inondik inora espero, eta poz handia eman digu”, azaldu dute Irene Urruzola eta Arantxa Zabala liburuzainek. Orain, lortutakoaren ondorioz 10.000 euroko dirua saria jasoko du Udal Liburutegiak. Diru sari hau zertan gastatua badutela esan dute langileek. “Aurreko urtetako saria txikiagoa zen eta liburuak erostera bakarrik bidera zitekeen. Aurtengo saria, 10.000 eurokoa, ekipamendurako ere erabil daiteke. Saria jasoko genuela jakinarazi ziguten momentuan bertan hasi ginen pentsatzen diru hori nola erabili gure liburutegian hobekuntzak egiteko”, azaldu dute Urruzola eta Zabalak.

Aurten 557 izan dira sariketara aurkeztu diren herrietako liburutegiak. Izan ere, 50.000 biztanle baina gutxiagoko herriak bakarrik aurkez daiteke Maria Moliner sarira. Jarraitutako prozesua nolakoa izan den ere azaldu dute langileek. “2022ko martxotik 2023ko martxora egindako ekitaldiak eta martxan izandako ekimenak txosten batean biltzea eskatu ziguten. Apirilean aurkeztu genuen gure txostena. Inklusioaren inguruan egindako ekitaldi bereziak azpimarratu genituen, baina baita urte osoan zehar lantzen ditugun ekimen ezberdinak ere. Irakurzaletasuna sustatzeko egiten den lana da saritzen dena eta aurtengoan sari potoloa eman digute. Hori ikaragarria izan da”, azpimarratu dute. Urte guztian zehar egindako lanaren ondoren, sari ikaragarria izan dela ere azpimarratu nahi izan dut.

Amaitzeko azpimarratu nahi izan dutenez, generoa, inklusioa, naturarekin errespetua, adin aniztasuna eta beste hainbat gairen inguruko lanketa zabala egin dute urte osoan zehar. Horretarako, ekintza puntualak erabili dituzte batzuetan, urte osoko ekimenak beste batzuetan. Batzuetan zein besteetan lanean jarraituko dute aurrerantzean. l