Iturriotz kaleko urbanizazio lanak burutzear daude Beasainen. Uztailaren 19an, asteazkenean, hasiko dira, Porteriako uholdegarritasun arriskua murrizteko leanen azken faserako aurreikusitako obra izan arren. Lanak Gipuzkoa plazako zubitik Jose Migel Iturrioz kaleko igogailu publikoraino egingo dira.

Esku-hartze honen helburua irisgarritasuna eta oinezkoen segurtasuna hobetzea, eta zerbitzuen azpiegiturak berritzea da. Horretarako, espaloiak, saneamendu hoditeria eta argiteria berrituko dira, bidegorria oinezkoen kotara igoko da, eta Gipuzkoa Plazako zubiko espaloiari zabalera gehiago emango zaio.

Lanek lau hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi du Beasaingo Udalak; ondorioz, ibilgailu eta oinezkoentzat behin-behineko aldaketak izango dira. “Jose Migel Iturriotz kaleko errail bat moztuko da, eta Beasain-Ordizia norantza baimenduko da soilik. Ezkiaga etorbidetik datorren trafikoa, Ordizia-Beasain norantzan, Joan XXIII kaletik desbideratuko da”, azaldu dute udal ordezkariek. Horretaz gain, “lehen fasean Oria ibaiertzeko espaloia konponduko da eta oinezkoek Jose Migel Iturrioz kaleko eraikinen aldeko espaloia erabili beharko dute”, gehitu dute.

Zine saioak bi euroren truke

Bihartik aurrera, Ikusleen Eguneko zine saioez merke disfrutatu ahal izango dute 65 urtetik gorako pertsonek. Usurbe Antzokiak bi euroren truke eskainiko ditu filmak. Eskaintza, nagusiki, astelehenetan egongo da indarrean; izan ere, Ikuslearen Eguna, normalean, astelehenetan ospatzen da.

65 urtetik gorako pertsonek NANa, pasaportea, bizileku-txartela edo identifikaziorako baliokidea den beste dokumenturen bat erakutsi beharko dute sarrera erostean eta zinema aretora sartzean.