Goierri taldean jokatu du orain arte (Hirugarren Mailan) Gorka Ruiz areto futbol jokalari zumarragarrak eta datorren denboraldian maila bat gorago jokatuko du (2. B mailan): Ibarrako Lauburu taldean.

Ruiz 19 urterekin hasi zen areto futbolean. Ordura arte, futbolean jokatu zuen, Urola taldean. Hegaleko pibot eta pibot postuetan jokatzen du batez ere. “Aurten postu guztietan jokatu dut, baina nire ibilbidean hegaleko pibot eta pibot postuetan jokatu dut batez ere. Goierrin erronboa egiten dugu. Atzean zierreak jokatzen du, bi hegaletan hegaleko pibotek eta aurrean pibotak”.

Denboraldi ona egin du. “Ondo moldatu naiz. Gol asko sartu ditut. Aurreko denboraldian Euskal Ligatik Hirugarren Mailara igo ginen, helburua mailari eustea zen eta lortu dugu. Gainera, erregularra izan naiz eta lesioek errespetatu egin naute. 24 gol sartu ditut dozena bat partidatan”.

Hala, Ibarrako Lauburu taldearekin fitxatzeko aukera izan du. “Aukera polita da. 27 urte ditut eta halako aukerak ez dira askotan suertatzen. Pasatzen uzten baduzu, beharbada ez zaituzte berriro deituko. Esperientzia hori bizi nahi dut. Proba egingo dut. Ez bada ondo ateratzen, beti izango dut Goierrira itzultzeko aukera. Duela hiruzpalau urte proba batzuk egin nituen beraiekin, baina lana eta Ibarran entrenatzea bateraezinak ziren. Oraingoan, nagusiari eskaintzaren berri eman diot eta erraztasunak eman dizkidate. Hiru errelebotara nengoen eta goizez jarri behar naute. Olaberriko Laser Goiken enpresan lan egiten dut. Lau hilabete daramatzat enpresa horretan lanean eta oso gustura nago”.

Laubururen helburua Bigarren Mailara igotzea da. “Proiektu polita da. Aurten Bigarren Mailara igo-tzeko jokatu dute eta datorren denboraldiko helburua Bigarren Mailara igotzea dela esan didate. Hasiera gogorra izango dela, baina ondo moldatuko naizela uste dutela esan didate. Golak sartzea espero dutela. Kanpoko jende asko dute eta gipuzkoarrak ere nahi dituzte. Horrek guztiak konfiantza eman dit”, amaitu du.